Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskadiko Txapelketa irabazi dute Pulpoko jubenilek, asteburuan Zumaian jokatu den Lauko Finalean hiru aurkariak –Zarautz (25-20), Eibar (35-33) eta Loiola-Indautxu (37-30)– mendean hartuta. Denboraldi osoan ez dute partidarik galdu, eta orain Espainiako Txapelketa dute erronka. Santelmoetan izango da lehen fasea, eta Zumaian antolatzeko eskaera egin du klubak.
Euskadiko Txapelketa irabazi duzue. Taldearen ibilbidea ikusita, bete beharreko helburua al zen?
Talde honen historiak itxaropen batzuk sortzen ditu, eta horien artean sartzen zen Euskadiko Txapelketa irabaztea. Kostata, baina lortu dugu. Helburu hau beteta, erronka polita daukagu orain aurrean. Euskadiko Txapelketa irabazteak lasaitasuna emango digu, eta orain Espainiako Txapelketako faseari gogotsu eta anbizioarekin helduko diogu. Ikusiko dugu noraino iristeko kapaz garen.
Lauko Finaleko hiru partidak irabazi dituzue, baina oso partida borrokatuak izan dira denak.
Talde hau txikitatik aurkaria baino gehiago izan da beti, eta alde handiarekin gainera. Sekulako erraztasunarekin irabazi dute beti. Hori oso barneratuta daukate. Izugarrizko grina dute lehen minututik partida txikitzeko. Eta hori gero eta zailagoa da. Kategoria txikiagoetan errazagoa egin daiteke maila handiko jokalariak edukita, baina adinean gora joan ahala, zailagoa da. Eta talde honek hori ikasi beharko du, eta horretarako Lauko Final hau oso ondo etorri zaigu. Partidak luzeak dira, intentsitate handikoak, mundu guztia oso ondo prestatzen da, kalitatea dago eta jakin behar da partida osoan intentsitatea, jokoa eta kalitatea mantentzen. Partidak ez dira erabakitzen azken unera arte. Hori ikasi behar dute, eta ari dira ikasten.
Loiola izan zenuten lehen aurkaria. Agian, defentsako lanetan behar baino pattalago ibili zen Pulpo?
Jokalariak bakarka hartuta, kalitate handienetakoa duen taldea da Loiola. Fisikoki fresko daudenean min handia eman dezakete, eta lehen egunean tokatu zitzaigun. Hori ekidin nahi genuen, baina hala izan da. Oso joko fisikoa eta indibiduala da, eta lehiaketak aurrera egin ahala errendimendua jaitsi egiten dute. Guri arazo handiak eman zizkiguten ligako bigarren fasean. Ostiraleko partidan, guk agian ez genuen asmatu defenditzen, baina hori aurkariaren meritua ere izan daiteke. Erasoan gure kalitatea erakutsi genuen, defentsan ez hainbeste.
Zarautzen aurka, berriz, defentsa oso ondo baina erasoan zailtasun handiekin…
Zarautzen aurka justu kontrakoa gertatu zen. Erasoan ez genuen asmatzen, baina defentsan aurten oso gutxitan lortu dugun marka lortu genuen: 20 gol bakarrik jasotzea. Partida guztiak dira diferenteak. Erritmo apalagokoa izan zen, oso defentsiboa, gogorregia niretzat. Momentu batean kezkatu ere egin nintzen. Baina horrelako partidak jokatzen jakin behar da, eta uste dut jakin genuela.
Eibarren kontra, azkenik, partida ez zen azken unera arte erabaki. Beraiek min handia eman zuten hegaletik.
Bai, hegaletik eta hegalera zuzendutako jokaldiekin. Eta saiatu ginen bigarren zati osoan horri neurria jartzen, baina ez genuen lortu. Eta meritu hori aitortu behar zaie. Eta gero, intentsitate handiarekin jokatzen dute azken unera arte, eta horri esker lortu dituzte emaitza onak. Hori oso ondo ikasia daukate.
Espainiako Txapelketako fasea antolatzeko eskaera egingo duzue. Santelmoetan tokatuko da bete-betean.
Zumaian antolatzeko aukera badugu, beste festa eder bat egiteko aukera izango dugu. Etxean jokatzea gauza ederra da, eta herrian eskubaloia horrela bizitzea, tarteka bada ere, oso positiboa da.