Euskarari egindako erasoak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte biharko Zarautzen eta Azpeitian

Olatz Prat 2014ko apirilaren 8a

Euskararen aurkako erasoak salatzeko elkarretaratzeak egingo dira bihar Zarautzen eta Azpeitian, Konsteiluak deituta. 19:00etan hasiko dira elkarretaratzeak, herrietako udaletxe aurrean. Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urkijok Euskal Herriko 46 udalen aurka egin du dagoeneko, udal horiek kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzeagatik, hau da, euskararen ezagutza derrigorrezkotzat jotzeagatik, besteak beste. Eskualdean Azkoitiko, Azpeitiko, Orioko, Zarauzko eta Zestoako udalek jaso dute Espainiako Gobernu ordezkariaren ohartarazpena, eta auzibidea ere zabaldu du Beizamako Udalaren aurka. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok iragan astean adierazi zuen Hizkuntz Eskubideen Adierazpen Unibertsalak «hizkuntzen kudeaketa dagokion komunitateari» aitortzen diola: «Eskubidea dugu gure hizkuntza eredua bultzatzeko, kanpoko esku hartzerik gabe». Hain zuzen ere, Estatuen esku hartzea gelditu lelopean egingo dituzte biharko protestak. Zarauzko AEK-k dei egin die herritarrei elkarretaratzean parte hartzera. «Hizkuntza komunitateak eskubidea du bere hizkuntzaren normalizazio politika definitzeko eta garatzeko, inolako kanpo esku hartzerik gabe». Deialdiarekin bat egin dute EH Bilduko alkateek ere. Atzo Donostian egindako agerraldian adierazi zutenez, euskaraz aritzea ez da hautazkoa herri administrazioentzat, «legezko eskakizuna da, eta administrazioen jarduera bat ere ez dago salbuetsita, ezta kontratazioa ere», adierazi zuten alkateek. Uemak ere deialdia babestu du,  eta garrantzitsutzat jo du «erasoei bat eginda erantzutea». Izan ere, mankomunitatearen ustez, euskararen sustapena «susmopean» ipini eta instituzioetatik bultzatzen den hizkuntza politikan eragin nahi du Urkijok. Euskara hizkuntza minorizatua izaki, «bultzada zabala» behar duela adierazi eta euskararen normalizazio bidean «eragileen eta instituzioen arteko elkarlana beharrezkoa» dela nabarmendu dute. Azpeitira ere ohartarazpena Azpeitiko Udalak ere jaso du Urkijoren ohartarazpena. Eneko Etxeberria alkateak adierazi duenez, hainbat udalek proposatutako hizkuntza irizpideen programari atxikimendua erakutsi zion Azpeitiko Udalak, eta «udal ordenantza garatu ez bada ere, iritsi egin da ohartarazpena». Etxeberriaren ustez, «Urkijok bideratutako errekerimendu horren helburua, euskararen normalizaziorako hartzen diren neurrien aurka egitea eta euskara erasotzea» dira. Era berean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarrek administrazioarekin euskaraz aritzeko duten eskubidea aldarrikatu du: «Erkidegoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta edukitzeko eskubidea legez ezarria dago, Euskararen Legea deritzonaren bitartez. Baina errealitateak argi eta garbi erakusten du hori ez dela bermatzen, eta sarri ikusten da administrazioarekin gaztelaniaz aritu beharra», azaldu du. Bere ustez salatuak izan diren udalek nahi dutena «eskubide hori praktikara eramatea besterik ez da. Are gehiago, kontratazioan euskararen ezagutza beharrezkotzat jotzean, lege hori betetzea besterik ez da bilatzen». Etxeberriaren ustez «erabaki hori hartzea da Espainiako Gobernua haserretzen duena, eta horregatik salatu dituzte udalerri horiek, tartean Azpeitikoa». Horren guztiaren aurrean, Azpeitiko Udalak berretsi egin du «euskara sustatzeko konpromisoa», eta udalek ordenantza eta asmo horiekin hasitako bideak «aurrerapausotzat» jo ditu alkateak, «bi horiek moztu nahi diren arren».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide