Azkoitiko atez atekoaren aurkako plataformak gogor salatu du Hondakinen Mahaiko lantaldeak sistema mistoa jartzeko hartu duen erabakia (organikoa txipdun edukiontzietan eta errefusa atez ate jasotzea). Horien ustez, «erabakia duela hiru urtetatik hartua zuen taldeak, baina ez ziren ausartzen publiko egitera, ondo dakitelako jarrera totalitarioa eta iraingarria dela bosgarren edukiontziaren alde egin duten 3.547 herritarrekiko».
Herritarrentzat «zigortzat» jo dute, horien arabera, «osasunarentzako kaltegarria» eta egungoa baino «sei aldiz garestiagoa» izango delako; «egungo 107.110 euroko aurrekontutik 856.094 eurora igoko da», adierazi dute. Antzeko kostua izango duela adierazi dute, berriz, Azkoitiko hondakinen lantaldeko Zero Zaborrek, Bilduk eta Azkoitia Baik. Hala ere, bideragarritasun ekonomikoko azterketa egiten ari dira oraindik.
Hondakinen lantaldeko hiru taldeek joan zen astean eman zuten sistema mistoaren berri; urtebeteko prozesu baten ostean, gehiengoz hartu zuten erabakia. EAJ eta PSE-EEk ez dute bat egin sistemarekin. Atez atekoaren aurkako taldeak, berriz, ez du parte hartu nahi izan prozesuko lehen faseko saio irekietan eta ondorengo faseko bileretan, «hango lan egiteko modua Bilduren eta Azkoitia Bairen benetako asmoen kamuflajea» izan delakoan. Dena den, taldearen ustez «inposizioa» da sistema hori ezartzea; «Urrategi Alberdi alkate berriak esan berri du etorkizuna azkoitiarren parte hartzean eta arduran egongo dela, baina hitz horiek hiprokesia hutsak dira».
«Desobedentzia», aukeran
Egoeraren aurrean, bi aukera daudela adierazi du taldeak; «jarrera politiko totalitarioari men egitea edo desobedientzia zibilaren edo beste neurrien bitartez gure duintasuna defendatzea». Erabakia Azkoitiko eragile sozialekin baloratu ostean, «laster» emango dute erabakiaren berri.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide