Larunbatean Azkoitian jokatuko den duatloia aukezten (Ane Olaizola/ Hitza)
Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzak probako zuzendaritzarekin izandako gorabeherak gaindituta, azkenean egingo dute Azkoitiko Duatloia, hasierako data mantenduta, gainera; larunbatean (apirilak 12) egingo dute XV. Duatloia, eta Azkoitiko Triatloi Taldeak prest du proba. Aurten, gainera, Distantzia Motzeko Euskal Herriko Txapelketa izango da lasterketa.
Data mantendu badute ere, zirkulazio arauen eraginez eta beharrezko baimena lortzeko, aldatu egin behar izan dute bizikletako ibilbidea. Herriko plazatik hasita, hamar kilometro egingo dituzte korrika, herrigunean hiru bira emanez. Ondoren, 34 kilometrotako ibilbidea, iazkoa baino sei kilometro motzagoa, hasiko dute bizikletan; aurten, gainera, Azkarate mendatera joan beharrean, Zumarragako bidea hartuko dute zuzenean. «Trafiko Zuzendaritzak proposatu digu ibilbidea Ezkio Itsaso aldera ahalik eta gehien luzatzeko, eta azkenean Zumarragako ospitale aurreko biribilguneraino egin dugu». Joan-etorria egin ondoren, beste 4,5 kilometrorekin bukatuko dute proba. Azken zati honek ere aldaketak izango ditu, eta korrikan bi itzuli egin beharrean, bakarra egingo dute, herrigunean; «lehen Altzibarko industriguneraino joaten ziren, baina beraiek esan digute politagoa izango zela herrigunean egitea».
Larunbatean, 15:15ean hasiko da emakumezkoen proba, eta hamar minutu beranduago gizonezkoen txanda izango da. Izena Euskal Herriko Triatloi Federazioaren
www.triatloi.org helbidean eman daiteke. Gehienez 300 lagunentzako lekua dago, eta aurten bost euro merketu dituzte inskripzioak, euren helburua «ahal den jende gehienak parte hartzea» baita. Beraz, federatuek 15 euro ordainduko dituzte, eta federatu gabeek 25 euro. Txip horia behar dutenek, berriz, beste bi euro gehiago ordaindu beharko dute.
Epeei dagokionez, guztiek aurrez eman beharko dute izena, baita federatu gabekoek ere; ostiral gauerdira bitartean izango dute horretarako aukera, eta dortsalak egunean bertan plazan banatuko dituzte.
Boxes gunea ere plazan egongo da, eta 14:00tatik 15:00etara arte egongo da zabalik, lasterketerako beharrezko materialak prestatzeko. Anoa gunea, berriz, Matadeixe parean jarriko dute.
Taldeka ere sariak
Sarien banaketa ere desberdina izango da aurtengoan; absolutoetan, lehenengo gizonezko eta emakumezkoak garaikurra, txapela eta 200 euro jasoko ditu, eta ondorengo biek garaikurrak eta 150 euro eta 100 euro izango dituzte, hurrenez hurren. Maila bakoitzeko irabazleei eta eskualdeko azkarrenei garaikurrak banatuko dizkiete. Aurten, berrikuntza gisa, taldekako saria ere emango dute. Horrez gain, parte-hartzaile eta boluntario guztien artean zozketak izango dira.
Azkoitiko Triatloi Taldeak eskerrak eman dizkie lasterketako babesle eta laguntzaile guztiei: «Horien laguntza izan ezean ezin izango litzateke proba aurrera eraman». Era berean, Xabier Oinaeder Gipuzkoako Triatloi Federazioko lehendakariak egindako lana eskertu dute.