Eskolarteko Bertso Txapelketako azken kanporaketa jokatuko dute Azkoitian

Ane Olaizola 2014ko apirilaren 8a

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa iaz ere Orion jokatu zen. Formatu eta filosofia berriekin abiatu zuten martxoan Euskal Herriko 34. Eskolarteko Bertso Txapelketa; herrialdeka ari dira aurrera eramaten, eta Gipuzkoako txapelketako kanporaketak amaitzear dira. Azkoitian jokatuko dute Gipuzkoako finalaren aurreko saioa, ostegunean, eta eskualdeko gazte ugari izango dira taula gainean. Zarautzen ekin zioten Gipuzkoako txapelketari, eta bost kanporaketen ondoren, Azkoitian sailkatuko dira azken finalistak.  Hiru atal izango ditu Azkoitiko azken kanporaketak; batetik, Bertsopaper Lehiaketa 15:00etan hasiko da, Floreaga Ikastetxean. Azkoitiko Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko 83 ikasle arituko dira bertan. Gaiak emanda, denbora jakin batean aurkeztu beharko dituzte lanak, eta guztien artean sailkatzen direnak finalaren egunean sarituko dituzte. Saio didaktikoa, berriz, estreineko aldiz ari dira egiten aurtengo txapelketan; Bertsopaper Lehiaketaren ondotik, 16:30ean, hasiko da ariketa didaktikoa, eta bertso eskoletako umeak ez ezik, kantuan izango dira Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Jokin Uranga azpeitiarra ere. Horrez gain, bat-bateko kanporaketak ari dira egiten txapelketaren barruan; mahaiaren bueltan elkartu, eta afari baten bidez 15 eta 18 urteko gazteak arituko dira bertsotan; Azkoitian, Iraurgi Elkartean egingo dute bat-bateko saio hori, eta eskualdeko bertsolari ugari izango dira han ere; Oier Etxeberria eta Iñigo Ibañez azpeitiarrak, Libe Goenaga getariarra eta Ane Peñagarikano zarauztarra izango dira mahaiaren bueltan, Mikel Oria, Maialen Akizu eta Aratz Igartzabalekin batera. Inaxio Usarralde, berriz, aurkezle lanetan ariko da. 19:00etan hasiko da saioa, eta harantz joateko txartelak asteazkenera bitartean eros daitezke, www.bertsosarrerak.eu atarian, 12 eurotan. Euskal Herriko finala, Orion Izaera berrituarekin antolatu dute Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak txapelketa; lehenengoz, bi elkarteek elkarlanean prestatu dute txapelketa, eta Gipuzkoakoan soilik mila lagunek baino gehiagok hartu dute parte. Idatzizkoan, 956 ikasle, 28 ikastetxe eta bertso eskoletako hainbat ikasle ari dira lehian; saio didaktikoan, berriz, Gipuzkoako 10 bertso-eskolako talde dabiltza kantuan, besteak beste Erniarraitzekoak, Getariakoak, Zarauzkoak eta Zumaiakoak; 12 bertsolari ezagunekin batera dabiltza. Bat-batekoan, azkenik, 34 bertsolari dira txapelaren bila. Eskolartekoen txapelketako Gipuzkoako finala Bertso Eskolen Egunean, maiatzaren 11n, jokatuko dute, Arrasateko Amaia antzokian. Herrialdeetako txapelak erabakita, Euskal Herriko finala eta festa nagusia Orion izango da beste behin, ekainaren 21ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide