Zarauzko EAJk zerbitzuak eta lanak kontratatzerakoan «argitasunez eta gardentasunez» jokatzeko eskatu dio Bilduri, eta «nahierara» egindako kontratazioak alde batera uzteko exijitu dio: «Ezin dute ahaztu zarauztar guztion dirua kudeatzen ari direla». Imanol Lasa bozeramaileak salatu du otsaileko eta martxoko alkatetza dekretuetan horrelako lau kontratatzio jaso zituztela, «gutxienez»: Aztikerrek eginiko inkesta bat, Nafarroa kaleko biribilgunearen obra, Ipar kaleko udal lokalaren erreforma eta udalarn komunikazio zerbitzua. «Legealdia hasi zenetik ohitura bihurtu da hori», nabarmendu du.
Udal Gobernuak politikarien balorazio inkesta egiteko 13.083 euroko gastua egin izana «eskandalua» dela dio Lasak. Era berean, udalak «urtez urte lehiaketa irekirik gabe» prentsa zerbitzua adjudikatzen duela kritikatu du: «Horren gastua 2014ean soilik 35.937 eurokoa da. Bilduk politikarien soldatak murriztu dituela esaten duenean, ez du gastu hau zenbatzen. Juan Luis Illarramendi alkateak eta bere lan taldeak bi lagun dituzte komunikazio zerbitzurako, eta baita idazkari bat ere. Gauza bat esan eta kontrakoa egiten dute: politikari liberatu gutxiago daudela diote eta gero atzetik inguruko pertsonak kontratatzen dituzten zuzenean lan hori egiteko».
Ehuntzen planaren propaganda kanpaina ere hala kontratatu dutela dio: «28.520 euro gastatu dira web orri bat, eskuorriak eta bestelakoa ekintzak egiteko». Halaber, obra handiak kontratatzekoan «informazio printzipioak» ez direla bermatu dio: «277.512 euroko kostua duen obra izan arren, horren berri udalaren web orrian besterik ez da eman, eta gainera bost eguneko epea baino ez zaie eman enpresei biribilgunearen proiektuak aurkezteko».
Alde Zaharreko peatonalizazioa eta Mollarri kalea hobetzekolanak ere «modu berean» egin dituzte, Lasaren arabera: «Peatonalizazioaren lehen faseko obrak publizitaterik gabeko prozedura negoziatuarekin adjudikatu ziren, 764.289 euroko kostuarekin. Baita Mollarrikoak ere, 111.885 eurogatik».
Etika, zalantzan
EAJk ez du zalantzan jarri prozedura horren legaltasuna, baina bai etika: «Zerbaitek legea betetzea ez du esan nahi zuzena, bidezkoa edota egokia denik. Gure jokabide politikoarekiko autoexijentzia maila askoz ere gorago jarri behar dugu, eta gobernu onaren eta gardentasunaren alde egin».
Gogorarazi du, Bilduk hauteskunde kanpainan enpresak adjudikatzeko lehiaketa irekien alde egingo zuela agindu zuela, gardentasuna bermatuz. Lasak adierazi du zerbitzu, obra eta kontratuen adjudikazioa «bestelako oinarriekin» egin behar dela, «mundu guztiak ezagutu dezan zer kontratazen den, nola eta noiz». Ildo horretatik, Juan Luis Illarramendi alkateari eskatu dio neurriak hartzeko, eta «Udalaren izen ona zalantzan jarri edo interes gatazka dagoen itxura eman dezaketen joerak saihesteko».