Hainbat ekintza antolatu dituzte Azpeitiko Udal Liburutegiaren 50. urteurrenean

Olatz Prat 2014ko apirilaren 4a

Azpeitiko Udal Liburutegiak 50 urte beteko ditu bihar, apirilak 5. Urteurren berezi hori ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte udalak eta liburutegiak apirilerako. Horiek azaltzeko agerraldia egin dute gaur goizean ordezkariek, Azpeitiko kultura, hezkuntza eta euskara arloko hainbat lagunek babesturik. Hala, datorren astelehenean, hilak 7an Mirian Mendozaren ipuin kontaketa saioa izango da 18:00etan Udal Liburutegian. Apirilaren 14an, berriz, Iñigo Aranbarri idazleak hitzaldia eskainiko du: Apirila, nobela baten zainak (Azkoitia-Azpeitiko 1766ko matxinada). Apirilaren 23an kalera aterako da liburutegia eta apirilaren 30ean Literatura eta generoa mahai ingurua izango da Emakumeen Txokoak eta Udal Liburutegiak antolatuta. Bertan parte hartuko dute  Laura Mintegi, Tere Irastorza, Aurelia Arkotxa eta Gema Lasarte idazleek. Garai berrietara egokituz LIburutegiko arduradun Beatriz Aranbarrik Udal Liburutegiaren azken urteetako joerak laburbildu ditu. "Erbailtzaile eta bazkide kopurua asko hazi da, gaur egun azpeitiarren %34 liburutegiko bazkide da eta iaz 47.179 erabiltzaile izan zituen". Era berean, erabiltzaile eta bazkideen profila aldatu egin dela azaldu du, izan ere, lehen emakumeak eta haurrak gehiengoa baziren ere, "gaur egun, gizonen eta helduen kopurua hazi da gehien; aipatzekoa da etorkinek ere gero eta gehiago erabiltzen dutela liburutegi zerbitzua". Liburutegiko zerbitzuak azken urteetan ugaritu egin direla nabarmendu du Aranbarrik, horien artean aipatu dituenak: liburutegiko funtsen eguneratzea eta euskarri desberdinekin osatzea, wifi eta informatika zerbitzuak, liburutegi arteko mailegu zerbitzua, hizkuntza desberdinetako dokumentuak eskaintzea, irakurzaletasuna sustatzeko ekintzak, erabiltzaileentzat formakuntza eta bisitaldi didaktikoak, eta liburutegiaren ohiko modu eta tresnez gain, teknologi berriekin presentzia zabaltzea eta zerbitzu gehiago eskaintzea. Etorkizunera begira badituzte erronkak, "alde batetik etengabe eta era dinamikoan teknologia berrietara egokitzen joan beharko da, aurrez aurreko zerbitzuak indartu eta berrituz". Horrez gain, bizitzan zeharreko prestakuntza babestu, tokiko izaera, euskal kultura eta kultur aniztasuna landu eta bultzatzea dute helburu. "Gainera, krisi garai honetan ezinbestekoa izango da profesional, erakunde eta elkarte ezberdinekin lankidetzan aritzea eta plangintza bateragarriak gauzatzea", azaldu du Aranbarrik.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide