Zarauzko kultur egitaraua eskura, hilabetero

Urola Kostako Hitza 2014ko apirilaren 4a

Hilabete igaro da Zarauzko Kultur Mahaia abiatu zutenetik eta dagoeneko aurrerapauso ugari eman ditu. "Aurreikuspen baikorrenak eginda ere, ez genuke pentsatuko halako aberatsa izango zenik", aitortu du Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. Orain arteko ibilbidearen balantzea egiteaz gain, emandako pausoak aipatu ditu. "Herriko kultur bizitza oso aberatsa da, horretan lanean ari diren askotariko talde eta elkarteri esker. Hala ere, ekitaldiak agenda bakar batean bildu eta komunikatu beharra ikusi genuen". Eta hori egin du kultur mahaiko lehenbiziko azpibatzordeak:urte osoko behin betiko egitaraua interneten eta egunerokoa sare sozialetan—kulturmahaia idatziz facebook eta twitterren— zabaltzeaz gain,  paperean ere kaleratuko dute hilabetero. 3.000 ale banatuko dituzte eraikin publikotan zein auzotako denda eta tabernetan.   Hala, aurrerantzean kultur agenda herritar guztien eskura egongo dela nabarmendu du Berasaluzek. Eskuragarri dago dagoeneko apirilekoa. Sei eragile batu ziren agendaz, koordinazioaz eta komunikazioaz arduratzen den azpibatzordean, martxoaren 17an. Besteak beste, Literaturia, Artezaleak, Hesolak, Zarautz Abesbatza, Zazpi Kultur Aretoa, Zarauzko Argazkizale Elkartea eta Modeloren Lagunak elkarteko kideak izan ziren, Berasaluzerekin eta Turismo Bulegoko ordezkariekin batera. 12 eragile bildu ziren, berriz, martxoaren 20an, jaiei buruzko azpibatzordean. Iñurritza jai batzordea, Gurekin jai txosna batzordea, Skapa, Santa Marinako komisioa, Zelai-ondo eta Mitxelenako jai batzordea, Elkano auzoko jai batzordea, Urtetako neska-mutil ardo, Santuiturri, Zarauztik Mundura, Haur Kultur Taldea, Goiztarrak eta Helduen Danborradako ordezkariek jai ereduaren inguruko hausnarketa bateratua egitea lehenetsi zuten. Ildo horretatik, jai parekideak, iraunkorrak, kulturartekoak, euskaldunak, herrikoiak eta errespetuan oinarritutakoak antolatu ahal izateko dekalogoa kaleratzea adostu zuten. Horrekin batera, balore zehatz horietan oinarritutako  katalogoa ere sortzea erabaki zuten, edozein antolatzaileren eskura jartzeko. Pasa den astean, martxoaren 31ean bildu zen hirugarren azpibatzordea, Zarauzko kultur azpiegituren, ondare historikoa eta itsas ondarearen eta arte zein ikastaroez aritzeko. 14 talde, kultur elkarte eta eragilek hartu zuten parte: Modeloren lagunak, Nahia, Artezaleak, Arazi, Zazpi, Kemen Iruretagoiena, Zuhar Iruretagoiena, Tantai, Conunpuntomas, Zarauzko Musika Banda, Zehazten, Ondarre, Argazkizaleak, Photomuseum, ZarautzOn, Jon Iturrarte eta EAJk, besteak beste. Hainbat konturi heldu zioten horiek. Batetik, 2012an egin zen azpiegituren erabilerari buruzko parte hartze prozesuaren ondorioak hartu, eta horri bide emateko beharra ikusi zuten. Bestetik,  Zarauzko ondarea bildu, ikusarazi eta zaintzeko lehen urratsez jardun zuten. Era berean, ikastaro publikoen eskaintzaz gogoeta egitea eta herrian dagoen eskaintza aztertzea zein ikusarazteko asmoa erakutsi zuten. Udala "oso gustura" dago horrekin guztiarekin. "32 taldek, norbanakok eta elkartek hartu dute parte guztira. Balorazio ezin positiboagoa egin dugu", dio Berasaluzek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide