Getariako EH Bilduk bere iritzia eman nahi die getariar guztiei, 2014ko aurrekontuen inguruan azken udalbatzarrean gertatutakoaren harira.
Lehenik eta behin, gure harridura adierazi nahiko genuke, oposizioak egindako hautuarekiko. Izan ere, 2014rako aurrekontuen hasierako onespenaren aurka bozkatzean, herria aurrekonturik gabe geratu da momentuz, eta honek herritarrei ondorio negatiboak soilik ekar diezazkioke. Erabaki horrekin gehien kaltetua aterako dena Getaria bera dela uste dugu, hainbat egitasmo geratzeko arriskua baitago.
Horrenbestez, arduraz hartu dugu gertaera hau, baina era berean herritar guztiei lasaitasun mezua igorri nahi diegu. Egoera erosoa ez izan arren, guk orain arte bezala lanean jarraituko dugu, honi buelta eman, akordioak lortu, eta aurrekontuak onartzea lortu arte. Getariak aurrekontua behar baitu.
2014a inbertsio garrantzitsuen urtea izatea aurreikusten dugu, kudeaketa ekonomiko zorrotz bati esker, pixkanaka Udalaren egoera ekonomikoa hobetzen joan baita. Horrela, inbertsioetarako partida handiak jasotzen ziren gure proposamenean, hauetariko asko jada lotzear ditugunak: haurtzaindegi berria, eguneko Zentro berria, osasun zentro berria, Aldamar parkea berritzen amaitzea, Turismo arloko inbertsioak, Menditxoko obrak…
Aurtengo aurrekontuen lanketa inoizko goizena hasi zen, eta prozesu landua izan da: 2013ko urrian hasi genuen, GUZTIOK BAT aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren bidez. Honen barne, azaroan 7 bilera ireki egin ziren herritarrekin eta etxe guztietara proposamenak jasotzeko fitxak banatu ziren abenduan. Guztira 142 proposamen jaso genituen getariarrengandik, eta hauetariko asko aurrekontuetan barneratuta zeuden.
Jarraian, hainbat batzorde egin genituen gure aurrekontuen proposamena azaltzeko, eta beste taldeei euren proposamenak egiteko aukera emateko. Une oro, malgutasunez jokatu dugu, eta jarrera irekia azaldu, oposizioari euren proposamenak egiteko gonbita luzatuz.
Hori ikusita, eta jada martxoan geundenez, aurrekontuen proposamena udalbatzarrera eramatea erabaki genuen. Izan ere, hainbat inbertsio aurrera eramateko uda aurretik martxan jartzea ezinbestekoa da, besteak beste haurtzaindegi berria edota Katrapona plazako egokitzapenak… Oposizioak, ordea, ez zituen aurrekontu horiek onartu. Guri, ordea, oposizioak erabilitako argudioak ez zaizkigula nahikoak iruditzen adierazi nahi dugu, aurrekontuek duten garrantzia ikusita.
Honen aurrean, guk negoziatzen jarraituko dugu, akordioaren bila. Udal Gobernuan egoteak eskatzen digun erantzukizunagatik eta herritarrekin dugun konpromisoagatik. Horrela, guztiok arduraz jokatu behar dugula iruditzen zaigu, herritarren beharretan pentsatuz, eta herriarentzat ona dena lehen mailan jarriz. Hori da gure borondatea, eta itxaropentsu gaude.