Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan den asteartean Azpeitiko udaletxean egin zen osoko bilkuran, EAJ eta Hamaikabat alderdietako ordezkariek uko egin zioten Azpeitiko Libre taldeak eta Azpeitiko EH Bilduk aurkeztutako mozio bana lantzeari. Herriko Tabernen eta Segiko gazteen aurkako makrosumarioa salatzekoa zen mozioetako bat, Orkatz Kultur Elkartea ixtearen eta Olatz Izagirre herritarraren egoera salatzeko testua. Bestea, Aberri Egunaren ingurukoa zen, Euskal Herriaren identitatea defendatu eta aldarrikazten da bertan eta, besteak beste, Gure Esku Dago dinamikari eta proiektuari babesa adierazten zaio.
Librek aurkeztutako mozioa irakurtzea amaitzean, EAJk hartu zuen hitza eta zera adierazi zuten: "ez dugu gaia lantzerik ere eta bi gauza esango ditugu: batetik, gai baten nahiz bestearen inguruko gure iritzia lehen ere emana dugu eta ez dugu nahi errepikatzea eta bestetik, mozio errepikakorrak direla uste dugu. Nahi baduzue, beraz, jaiki eta joan egingo gara". Eneko Etxeberria alkateak, orduan, nahi bazuten eserita gelditzeko esan zien eta aktan jasotzeko agindu.
Hamaikabateko Aitor Arangurenek hartu zuen ondoren, honek adierazi zuen ez zituela arrazoiak errepikatuko eta ez zuela parte hartuko. "Kanpoan nago" adierazi zuen, parte hartuko ez zuela adieraziz.
Otsaileko erabakia
Kontua da, ez dela EAJk eta H1!-ek ezker abertzalearen ingurutik aurkeztutako mozioak lantzeari uko egiten dioten lehen aldia. Otsaileko osoko bilkuran adierazi zuten euren erabakia, aurrerantzean "horrelako gaien inguruko mozioetan" parte ez hartzearena. Cadizko espetxean hilik agertu zen Arkaitz Bellon elorriarraren heriotza salatzeko mozioa zen orduan aurkeztu zena. EAJk honako adierazpena irakurri zuen: "Cadizko espetxean hil den Arkaitz Bellonen heriotzaren aurrean, Azpeitiko EAJ taldeak sakon-sakonetik deitoratzen du bere heriotza eta argiketa osoa eskatzen du gure alderdiko ordezkariek eskatu duten bezala. Halaber, pertsona ororen giza eskubideen errespetua eta hauen errespetuan oinarritutako eta salbuespenik gabeko espetxe politika exijitzen dugu" eta, horren ostean alkateari "mozioa ez lantzea" eskatu zion "eta guk ez dugu bozketan parte hartuko".
Aitor Arangurenek "mozioarekin ados egonda ere" udaletxean "beste hausnarketa bat egin beharraz" aritu zen. "Agintaldi honetan kolore bereko zortzigarren edo bederatzigarren mozioa da hau, eta aukerak eduki ditugu urtero beste kolore bateko mozioak egiteko eta, hiru urtean, ez dugu lortu. Nekatu egin naiz gai hauekin eta, ados egonda ere, nik ez dut gehiago parte hartuko horrelako mozioetan", adierazi zuen.
Eneko Etxeberria alkateak, orduan, eskubide urraketa guztien aurka egin beharra nabarmendu zuen, “duela hiru urte Inaxio Uriaren giza-eskubideak urratu ziren eta zera esaten ari gara, literalki: udal gobernu honek indarkeria desberdinak eragindako biktimak aitortu nahi dituela, atzera begirako hausnarketa bateratua egin behar dugula berriro horrelakorik ez gertatzeko. Bereziki oroimenean izan behar ditugu azken urteetan hildako azpeitiarrak, bere senide eta lagunak babestea dagokigu. Giza eskubide guztien urraketak salatu nahi ditugu, sufritu dutenei eta orain sufritzen ari direnei bereziki babesa adierazi”. Mozioen koloreei eta norabideei dagokionez, "kontua horixe" dela adierazi zuen alkateak, "momentu honetan giza-eskubide urraketak alde batera soilik daudela".