Zestoako Gaztetxeari bizia eman nahi diote berriz, urteurrena aprobetxatuta

Ane Olaizola 2014ko apirilaren 4a

Zestoako Gaztetxea jendez beteta artxiboko irudi batean (Danbolin) Hogeita bost urte bete dira Zestoako gazteek gaztetxea martxan jarri zutenetik; euri asko egin du ordutik, eta gaztetxeko ateek zabalik jarraitzen dute, azken urteetan hango bizia apaltzen joan bada ere. Hori hala, egungo egoerari buelta eman nahian dabiltza hango gazteak: «Egun, pixka bat geldirik dago hango funtzionamendua, eta orain berriro martxan jartzen saiatzen ari gara», esan dute. Gazteen arabera, gaztetxe «oso gaztea» izan da Zestoakoa, eta horrek eraman du egungo egoerara: «Jendea oso gaztetatik hasi da gaztetxean lan egiten, eta segituan utzi izan dute». Euren aurreko belaunaldiak gaztetxea uztean, oraingoak «noraezean» geratu direla aipatu dute. Horri aurre egiteko, ordea, taldetxo bat jarri da martxan, eta ilusioz hartu dute proiektua. Egun duten erronka gaztetxea aurrera ateratzea dute. «Gizartean arazo asko daude, eta gaztetxea proiektu alternatibo bat izan dadin nahi dugu». Orain arte bezala, kultur eta aisi alternatiba bat eskaini dezaketelakoan dira gazteak. «Gainera, gazteak gauzekin konprometitzeko aukera ematen du gaztetxeak». Ilusioz hartu, hala segi Egungo eraikinera lekualdatu baino lehen, parrokia atzeko baserri batean sortu zuten Zestoako Gaztetxea, 1989. urtean. Orduko gazte batzarraren lehen aldarrietako bat zen ekitaldiak aurrera eramateko gune bat edukitzea. Hala gogoratzen du Iñaki Salegik, gaztetxearen sorrerako kide batek: «Ekintza asko egiten ziren, gehienak kulturalak, baina lokalik gabe. Kalean biltzen ginen, eta Zestoan, ia ezer ez egotetik, Inauteriak bultzatzen eta rock taldeak eta txontxongilo eta antzerki taldeak sortzen hasi ginen. Aldizkari bat ere egiten hasi ginen». Herriari bizia ematen bazioten ere, orduko udalarekin izan zuten tirabirarik: «Garai hartan EAJ zegoen udalean, eta ez zuten ezer jakin nahi gurekin, ezker abertzalearekin edo drogazaleekin harremantzen gintuelako». Gorabeherak-gorabehera, udalak Parrokia atzeko baserri bat eskuratu zuen, utzita, eta azkenean lortu zuten gaztetxea edukitzea. «Ikuilua zena taberna eta gaztetxea bihurtu genituen. Goian bi gela egin eta komun bat jarri genuen. Guretzat izugarria izan zen hori, kontzertuak eta bilerak egiteko lekua genuelako». Urteak eraman zituzten han, eta eskola zaharra bota ondoren, egun dauden lekura lekualdatu ziren. Helburura iristea baino, horretarako bideak «ilusio gehiago» eragiten ziola aipatu du Salegik. Gero, garai hartan, gainera, gazteen mugimendua indartsua eta anitza zela gogoratzen du. «Ehun lagun inguru elkartzen ginen batzarretan, eta, hori baino ederragoa, koadrila desberdinetakoak biltzen ginen Zestoako Gaztetxean». Herriari bizia emateaz gain, gazteei lanerako ardura eta konpromisoa ere eman zizkiola gaineratu du. Bihar, egun osoko festa Gaztetxeak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu bihar, eta egun osoko festa egingo dute. Horren bidez, gainera, gazteak erakarri eta gaztetxeak bizia berreskuratu dezan nahi dute. «Festa hau abiapuntua izatea nahi dugu». Jai giroan igaroko dute eguna. Gainera, gaztetxean «hazi» diren herriko hiru musika talde —Azido, Katekesis eta Gundestrak— berriro elkartuko dira bihar, eta kontzertuak eskainiko dituzte gauean. Gaztetxean azken mende laurdenean entzun izan den musikarekin amaituko dute festa. Eguerdian hasiko dute festa, triki-bertso poteoarekin, eta ondoren herri bazkaria egingo dute. Bazkarira, afarira eta kontzertuetara joateko txartelak salgai jarri dituzte Uztapide eta Koiote tabernetan. Bazkarira joateko sarrerak 10 eurotan daude salgai, eta kontzertuetara joatekoak, berriz,  bost eurotan eskura daitezke. Afarira eta kontzertuetara joan nahi duenak, berriz, hamar eurotan izango du sarrera. Aurten ez dute Zaparrada aldizkaririk kaleratuko, baina gaztetxetik igaro diren lagunekin dokumental bat ari dira egiten. EGITARAUA Apirilak 5, larunbata - 12:30. 25. udaberriari hasiera emateko, gaztetxeko atarian triki-bertso poteoa. - 14:30. Herri bazkaria, kiroldegiko aterpean. - 16:30. Koadrilen arteko jolasak, zuzeneko musikak girotuta. - 19:00. Poteoa zuzeneko musikarekin. - 20:00. Afari-merienda. - 22:00. Kontzertuak: Azido, Katekesis eta Gundestrak taldeak. - Ondoren. DJ Ghetto.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide