Azkoitiko EAJrentzat errefusa ere txip sistemarekin sailka daiteke

Ane Olaizola 2014ko apirilaren 4a

Azkoitiko Hondakinen Mahaiko lantaldeko gehiengoak ostegunean jakinarazi zuen Azkoitian zaborra kudeatzeko sistema mistoa jarriko dutela. Hau da, organikoa txipdun edukiontzietara bota beharko da, eta astean behin errefusa atez ate jasoko dute. Hondakinen Mahaian egon diren EAJ eta PSE-EE alderdiek, ordea, ez dute eredua onartu. Azkoitiko EAJk eredu mistoa arbuiatu du, eta alde bakoitzaren jarrerak «malgutzen» joan badira ere, adostasunik ez dela lortu berretsi du. Hondakinak gaika sailkatzeak derrigorrezkoa izan behar duela uste du, eta horretarako birziklatzea kontrola- tzearen alde agertu da: «Edukiontzi txipduna egoki ikusten dugu, beharrezkoa delako kontrola eramatea. Organikoa bezala, ordea, errefusa ere modu honetara egin daitekeela uste dugu». Errefusa atez ate jasotzearen aurka agertu dira, euren ustez, egungo ereduak birziklatze tasak igotzeko aukerak ematen dituelako: «Egungo sistema moldatzearen alde gaude. Zuzenean zuritik beltzera joan beharrean, neurri bakoitzak dakartzan emaitzen arabera, pausoak emanez eta poliki-poliki egin behar dela uste dugu, birziklatzen dutenak sarituz eta ez dutenak egiten zigortuz». Besteak beste, Zumaiako eta Zarauzko kasuak eredutzat jo dituzte, hango birziklapen tasek «nabarmen egin baitute gora azken hilabeteetan». Era berean, erabakia hartu aurretik sistemaren bideragarritasun ekonomikoa ez egitea «arrarotzat» jotzen dute. «Erabakitakoak ere badu inposiziotik, ez baitituzte kontuan hartu herrian bildutako 3.000tik gora sinadurak». Azkoitiko PSE-EEk ere duela aste batzuk adierazi zuen ez dutela bat egiten sistema mistoarekin. «Zentzugabekeriatzat» jo du eredua, eta herritarrak nahastuko dituela azpimarratu zuten orduan. Era berean, Legazpiko kasua izan zuten hizpide, eta bosgarren edukiontziak atez atekoak baino emaitza hobeak izan dituela diote; horien arabera, azaroan 59 tona organiko jaso zituzten, horietatik %71 edukiontzi marroiaren bidez, eta gainerakoa atez atekoarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide