Bidania-Goiatzko haurrak, diskoaren grabazioan (Eskola txikiak).
Datorren ekainaren 8an Bidania-Goiatzen ospatuko da Eskola Txikien aldeko festa. Eskola txikien egoerari bultzada emateaz gain, bertako Txinkorta eskolari laguntzea izango da festaren helburua. Festa hori iritsi bitartean, ordea, motorrak berotzeko ikuskizun bat antolatu du Eskola Txikien Koordinakundeak. Bihar, larunbata, 16:30etik aurrera Tatxin eta Tatxan pailazoen haurrentzako emanaldia izango da Azpeitiko Soreasu antzokian. Sarrera 5 euro kostako da.
Kiliklon Ekoizpenen eskutik, Txinkorta eskolari laguntzeko disko bat grabatu dute Tatxin eta Tatxan pailazoek, eta eskolako haurrek parte hartu dute disko horretan, kantuetako batzuetan abestuz eta haietako zenbaiten hitzak idatziz. Soreasuko emanaldian, oholtzara igoko dira, beraz, Bidania-Goiatzko haurrak ere. Diskoarekin nahiz emanaldiarekin ateratako etekinen zati bat Txinkorta eskolari laguntzeko izango da.
Festa prestatzen
Duela 27 urte hasi zen Eskola Txikien historia eta, hain zuzen ere, Bidania-Goiatzen ospatu zen lehen festa 1988an;
Eskola txikiak bizirik izan zen festa haren leloa. 27 urte geroago festa herrira itzuliko da, eta herritarrak eta eskola txikien komunitatea jo eta su ari da festa prestatzen, «1988an herrian hasi zen mugimendu hark oraindik bizirik eta indartsu jarraitzen baitu».
Ekainaren 8ko festak badu bere abestia ere,
Biraka du izenburua eta Azpeitiko Skandalue Elektrotxarangak egin du. Abesti eta bideo honetan ere hartu dute parte Bidania-Goiatzko haurrek.
Eskola Txikiak landa eremuetan dauden herri eta auzoetako eskolak dira, euskaldunak eta publikoak. Talde txikiak izan ohi dituzte, eta adin desberdinetako haurrak gela berean egoten dira; haurrak herrian bertan eskolaratzeko aukera eskaintzen dute, hala. Eskualdean hainbat eskola txiki aurki daiteke gaur egun auzoetako haurrei zerbitzu hau eskaintzen: Aizarnakoa (Zestoa), Aizarnazabalgoa, Arroa Behekoa (Zestoa), Errezilgoa eta Oikiakoa (Zumaia).