Uxoa Irigoien: "Etorkizunean Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia jokatzea dut helburu"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko apirilaren 4a

Uxoa Irigoien korrikalaria (Aritz Mutiozabal/ Hitza) Pasa den igandean Orioko Mendi Lasterketa irabazita, mendian gora eta behera korrika aritzeko gogotsu da Uxoa Irigoien (Getaria, 1988). Denboraldi bikaina egiten ari da getariarra, azken asteetan bi lasterketa irabaztea lortu baitu. Oso denboraldi ona egiten ari zara. Emaitzek lagundu dizute, ezta? 30 kilometroko Donostia-Hondarribia-Talaia Bidea mendiko lasterketa irabazi nuen, eta pasa den asteburuan baita Orioko Mendi Lasterketa ere. Sinestu ezinik nago, oso gustura. Gogor entrenatzen ari naiz, eta ahalegina emaitza ematen ari da. Oso motibatuta nago; behin lasterketa bat irabazten denean horrek aurrera jarraitzeko indar handia ematen du. Ezustean hartu al zaituzte emaitzek? Bai. Talaia Bidea lasterketa iaz ere egin nuen, eta hirugarren sailkatu nintzen. Aurten postua hobetzera nindoan, eta azkenean irabaztea lortu nuen. Dena dela, beti lasterketaz gozatuz. Fisikoki oso ondo nago, eta gozatzen ari naiz. Orioko lasterketan, esaterako, oso gogorra izan zen, baina ni aldapan gora ondo ibiltzen naiz, beheruntz oraindik beldur pixkat bat ematen baitit; aldapan gora hasteak abantaila eman zidan aurkariei aurre hartzeko, eta oso gustura amaitu nuen. Zer aldatu da aurreko urtetatik aurtengo denboraldira? Egia esan, orain gogorrago entrenatzen dut. Iaz mendi lasterketetan parte hartu nuen lehen urtea izan zen, eta parte hartzea zen nire helburu nagusia. Lehen urte horretan bigarren edo hirugarren egin nezakeela ikusita, animatu egin nintzen eta ahalegin handiagoa egiteko animatu ninduen. http://youtu.be/227Fyzgs_Jo   Entrenamenduei dagokionez, zein da zure egunerokoa? Astean zehar hiru-lau aldiz korrika egitera joaten naiz, gehienbat errepidean aritzen naiz. Asteburuetan, berriz, mendira joaten naiz. Egia esan, orain eguna luzatu da eta aukera gehiago ditut astean zehar ere mendian entrenatzeko. Izan ere, irakaslea naiz eta eskolatik arratsalde erdian iritsita, negu partean zaila egiten zait astean zehar mendira joatea. Indarra ere landu behar al da mendi lasterketetan aritzeko? Erresistentziaz gain, indarra ere garrantzitsua da, bai. Izterrak eta hankak indartsu eduki behar dira, eta horretarako spinning saioak egiten ditut. Egia esan behar badut, ez dut plangintzarik jarraitzen, jende askok esan dit maila honetara iritsita garrantzitsua dela entrenamendu plangintza izatea eta, agian, horretan hasi beharko nuke. Dena dela, niretzat entrenamenduak lasaitzeko bidea izaten dira. Askotan haurrekin ikasgelan egun gogorra izan ondoren estresa kentzeko asmoz joaten naiz korrika egitera. Horretaz gain, nik beti esaten dut oso buru-gogorra naizela eta horrek asko laguntzen didala aurrera jarraitzeko. Alderdi psikologikoak ere eragingo du mendiko lasterketetan, ezta? Bai, hori egia da. Zenbat eta lasterketa luzeagoa, orduan eta lan gehiago egiten du buruak. Lasterketan zehar korrika goazenean burura milaka pentsamendu etortzen zaizkigu, garrantzitsua da hankak ondo izatea, baina egun ona eta burua ondo badugu, egin dezakegula pentsatzen badugu, horrek asko laguntzen du. Ba al duzu erronka jakinik buruan? Ni asteburuz asteburu joaten naiz. Asteburu honetan, esaterako, Urnietako lasterketa jokatuko dut; hasiera batean hiru lasterketa jarraian egitea gehitxo izango ez ote zen pentsatzen nuen, baina indartsu nago eta animatuta. Ondoren, Pagoetako lasterketa egitea dut buruan eta, asteak pasa ahala, joango naiz zer egin erabakitzen. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia egitea pentsatu al duzu? Izena eman nuen, baina ez zait dortsalik tokatu. Ea orain lortzen ari naizen emaitzekin zortea dudan eta parte hartzeko aukera dudan. Dena dela, Zegama-Aizkorri beste lasterketak baino zailagoa ikusten dut, luzeagoa da eta gora-behera maila handia du; beraz, kasu horretan lasterketan parte hartzera joango nintzateke, ilusio handia egingo lidake horrek. Beste mota batzuetako lasterketarik egiterik bururatu al zaizu? Sahararen aldeko maratoia egin nahiko nuke Saharan bertan. Iaz nire anaiak egin zuen, baina ni lanean ari nintzenez ezin izan nuen joan. Arantza hori geratu zitzaidan, eta datorren urtean biok joango ginela esan genuen. Kirol arloaz gain, lasterketaren arrazoi sozialak ere erakartzen nau. Astebetez Saharako familiekin elkarbizitzen dute parte-hartzaileek haimetan, bertako kultura eta egoera ezagutu eta azken egunean lasterketa jokatzen da. Jakin badakit eguraldi baldintzak oso desberdinak izango direla, eta beraz, udako berotasunean korrikaldi batzuk bota beharko ditut. Zeure burua gainditzen joatea duzu beraz helburua, ezta? Nire helburua pixkanaka mailaz igotzen joatea da, distantziak luzatzen eta gorabehera maila handitzen joatea, alegia. Lehen 30 kilometroetako lasterketek beldurra ematen zidaten, eta orain, berriz, ondo moldatzen naiz. Norberaren burua gainditzen joan ahala, lasterketek harrapatu egiten zaituzte eta gehiago lortu nahi duzu. Ni gustura geratuko nintzateke mendi maratoia eginez gero. Etorkizunean, nire helburua Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia jokatzea da

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide