Oier Azpurua: "Zirkuitu erakargarria osatzen saiatu gara, bai piraguistentzat bai ikusleentzat"

Aritz Mutiozabal 2014ko apirilaren 3a

[Sasoian.info]. Duela lau urte agur esan zion piraguista ibilbideari, eta harrezkero Orion ari da arraunean Oier Aizpurua. Igande honetan (apirilak 9), ordea, tosta alde batera utzi eta berriro ere piragua baten gainean uretaratuko da. Sorterrian Euskadiko Maratoi Txapelketa antolatu du Itxas-Gain elkarteak, eta Aizpurua bera antolakuntzan aritu da, zirkuitua diseinatzen laguntzen. Antolatzeaz gain, probaz gozatzeko asmoa du. Nola sortu zaizue halako proba bat Zumaiara ekartzeko ideia? Azken urtetan 5.000 metroko Gipuzkoako Txapelketak antolatu izan dira Zumaian, baina aurten beste buelta bat eman eta Euskadiko Maratoi Txapelketari heltzea erabaki da Itxas-Gainetik. Distantzia horretan hainbat lorpen izan ditugu herrian, bai Xabi Osarekin bai nirekin, eta herrian modalitate berri bat eskaini nahi diogu, herritarrak zaletzeko. Distantzia aldetik luzeagoa izango da, orduan. Hala da, bai. Zirkuitu bat osatu dugu eta zirkuitu horri hainbat itzuli eman beharko diote parte-hartzaileek, betiere kategoriaren arabera. Kadeteek bi itzuli egingo dituzte; jubenilak, beteranoak eta emakumeak, hiru itzuli; eta seniorrak, berriz, lau. Seniorretan, esaterako, 16 kilometro inguru ateratzen dira; itzuliko 4 kilometro. Maratoi baterako, beharbada, motzegia da, baina distantzia zehatzeko orduan hainbat faktore hartu ditugu kontuan. Piraguistek oraintsu bukatu dute fondoko (5.000 metroko) denboraldia, Espainiako Txapelketarekin, eta bat-batean 20 kilometro pasatxoko proba jartzea gehiegizkoa zela pentsatu genuen. Espainiako Maratoi Txapelketa maiatza bukaera aldean izango da, eta Zumaiako denboraldiaren sarrera moduko bat izan nahi du. Beraz, tarteko distantzia bat jarri dugu, kirolariarengan pentsatuz. Zuri eskatu al zizuten zirkuitua diseinatzeko? Itxas-Gain taldeko kideon artean osatu dugu zirkuitua. Egun Orioko arraun taldean nabil arraunean, eta Itxas-Gainetik deitu zidaten aholku eske. Piraguismorako entrenatzen nintzenean Zumaian maratoiko estropada bat egiten saiatzen nintzen, eta zirkuitu moduko hori herrian nola izan zitekeen buruan neukan. Laguntza eske deitu nindutenean, aipatu zirkuitua proposatu nien, neurtu ere egin nuen, eta ondoren, Itxas-Gaineko hainbat lagunen artean behin betiko ibilbidea zehaztu genuen. Zer hartu duzue kontuan horretarako? Zirkuitu erakargarria osatzen saiatu gara, bai piraguistentzat bai ikusleentzat, eta guztia txukun prestatu dugu kanpoan ibili garenean topatu ditugun arazoak ez errepikatzeko. Mareari dagokionez, kirolarientzat egokiagoa izango zen lehenago jokatzea, baina ikusleak erakarri nahi ditugunez, bi aldeen arteko oreka bilatu nahi izan dugu eta 11:00etan ekingo zaio txapelketari. Elkarrizketa osoa sasoian.info webgunean irakurri daiteke

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide