Badator Azpeitiko Gazte Astea

Olatz Prat 2014ko apirilaren 4a

Urtero bezala, apirilarekin batera dator Azpeitiko Gazte Astea, Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako aste berezia. Astelehenetik igandera, hau da, apirilaren 7tik 13ra, hitzaldi sorta eta jan-edanerako aukera izango dira bertan. Hitzaldiei dagokienez, astelehenean Salhaketako bi kidek zigor kodearen erreformaren aurkako dokumentu bat aurkeztuko dute, hainbat gaiz ariko dira: lege berriaren xehetasunez, eskubide desberdinen urraketaz eta zigorrean oinarritutako gizarte eredu baten ondorioez. Asteartean, berriz, Lau Haizetara Gogoan elkartean diharduten bi kiderekin solasaldia izango da, oroimen historikoaz eta nazioarteko legediak frankismoko krimenak epaitzeko zabaltzen duen bideaz ariko dira, besteak beste. Asteazkenean hedabideek jendartean duten eragina aztertuko dute Aimar Uribesalgorekin; zehazki, El Diario Vasco egunkaria sakonetik ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: «Atzean nor dagoen, zeintzuk diren horien interesak edo Euskal Herriaren agenda maneiatzeko duten boterea, esaterako». Ostegunean, Donostian sortu berri duten Okupazio Bulegoko kideak euren esperientziaz ariko dira, okupazioaren historia eta Euskal Herriko egoera aztertuz, etxebizitza eskubidearen gaian sakonduz. Igandean, azkenik, 33 urte espetxean daramatzan Pantera Beltzetako Mummia Abu-Jamalen inguruko dokumental bat eskainiko dute. Ikasi ostean, festa Aste honen helburu nagusia herriko gazteak informatzera eta ikastera bultzatzea da; baina, aisialdirako eta festarako astia ere izango dute. Bazkari-afariak antolatu dituzte horretarako, baita bertsosaio eta kontzertuak ere. Gainera, egunero gaztetxean afaltzeko aukera izango du nahi duenak. Gazte Astea 2014 Apirilak 7, astelehena - 18:30. Salhaketako Manuel Ledesmak eta Jon Igartuak Zigorrean oinarritutako politikei alternatiba bat garatzeko mugimendu baten eraikuntza dokumentua aurkeztuko dute. Apirilak 8, asteartea - 18:30. Memoria historikoaren ikuspegi integrala, solasaldia. Xabi Erauskin (CNT) eta Antton Gomez (Eusko Lurrak). Apirilak 9, asteazkena - 18:30. Hedabideen eraginaren azterketa, El Diario Vasco egunkarian sakonduz, Aimar Uribesalgorekin. - 21:00. Bertso trama: Erniarraitzeko gazteekin. Apirilak 10, osteguna - 18:30. Donostiako Okupazio Bulegoko kideen hitzaldia, etxebizitza eskubidearen inguruan. Apirilak 11, ostirala - 20:00. Sahieski jana udaletxeko arkupetan, eta ondoren urteroko parodia. Apirilak 12, larunbata - 14:00. Bazkaria. - Ondoren. Kalejira aldarrikatzailea. - 22:00. Kontzertuak gaztetxean: Boltaia eta Goragalea. Apirilak 13, igandea - 18:30. Nire bizi osoa espetxean dokumentala. Pantera Beltzetako Abu-Jamali buruz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide