Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hondakinak biltzeko sistema berria adostu zuen iaz Zumaiako Hondakinen Mahaiak. Txipdun edukiontziak eta teknologian oinarritutako kudeaketa sistema berritzaile bat ezartzea adostu zuten orduan Mahaiko eragile guztiek, bost edukiontziko eta atez ateko sistemen arteko eztabaida gainditzeko.
Sistema berria orain arte ez da inon ezarri bere osotasunean, eta Zumaiako Udalak eta teknologia garatu duen enpresak lanketa berezi bat egin behar izan dute Zumaiarako proposamen zehatza lantzeko.
Ondorioz, nahi baino gehiago ari da atzeratzen sistema berriaren ezarpena, eta EAJko zinegotzi Montse Aranak adostutakoa lehenbailehen bete dezan eskatu dio udalari. Prentsara bidalitako oharrean kritikatu du sistema berria ezarri bitartean ez dela bestelako neurririk hartu birziklatze tasa igotzeko. «Ez da hobetu enpresa, denda eta elkarte gastronomikoei zuzendutako gaikako bilketa zerbitzua», kritikatu du Aranak, eta alkatearen «utzikeriaz» kexatu da.
Udalarentzat, lotsagarria
Aranari erantzunez, udal gobernuak salatu du hondakinen gaia oraindik «helburu partidistekin erabiltzeko prest» daudela batzuk. Lotsagarritzat jo du Aranaren jarrera, «hasiera-hasieratik dakielako bilketa sistema horren ezarpena martxan dagoela, eta beharrezkoak diren lan teknikoak burutzen dabiltzala buru-belarri udaleko eta Udal Elkarteko teknikariak».
Hain zuzen ere, joan den astean Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Gurutzetak iragarri zuen Zumaiako txipdun edukiontzien sistema berriari buruz egin beharreko azterketak amaitu berri dituztela. «Urola Kostako Udal Elkartearen nahia da Zumaiako hondakinen mahaiak adostutako sistema udarako martxan egotea», iragarri zuen.