Josu Ansola eta Oier Aizpurua. (Gorka Zabaleta/ Baleike)
Maratoian lortu dituzte Zumaiako piraguistek lorpenik handienak: hor daude Oier Aizpuruak irabazitako munduko txapelketak, Xabier Osak beterano mailan nazioartean lortutako dominak (urrezkoak tartean), edo gazte mailan Itxas-Gaineko piraguistek lortu dituzten emaitza bikainak. Baina, gauzak nola diren, Zumaian ez da sekula maratoi distantziako probarik jokatu.
«Euskadiko Maratoi Txapelketa antolatzeko apustua egin dugu aurten estreinakoz, ikusteko oso proba erakargarria delako. Ia estropada osoa herritik mugitu gabe jarrai daiteke, eta oso ikusgarria izaten da piraguistak uretatik irten eta piragua eskuan dutela korrika ikustea», azaldu dute Itxas-Gaineko kide Josu Ansolak eta Oier Aizpuruak.
Proba, igande goizean
Igande goizean jokatuko da Urola ibaian, 11:00etatik aurrera, eta dagoeneko 14 taldek eta 174 piraguistek eman dute izena. Seniorrek 15 kilometro osatu beharko dituzte, zirkuituari lau itzuli eginez. Emakume, beterano eta jubenilek hiru itzuli egingo dituzte, eta kadeteek bi.
Bi minutuko tartearekin aterako dira kategoria bakoitzekoak. «Irteera Moilaberriko zubiaren parean izango da. Handik errioan gora, Trenzubiraino; ziaboga egin eta Talaipe pareraino jaitsiko dira; han ziaboga eta gora berriro; Moilaberriaren paretik Itsas Kiroldegira, han arranpan lehorreratu, piragua eskuan hartu eta pantalanetik berriro uretara. Azken itzulian, piragua garraiatzetik uretaratu eta helmugara 500 metro baino ez dira egongo. Trenzubiraino joan beharrean, lehenago egingo dute ziaboga eta Itsas Kiroldegiaren parean egongo da helmuga. Azken garraiatzea erabakigarria izan daiteke. Erasoa jo eta abantaila lortzen duenak asko izan dezake irabazita».
Ansolak eta Aizpuruak diseinatu dute maratoiaren ibilbidea, eta izango dute estropadan probatzeko aukera, elkarrekin osatutako biko piraguan aterako baitira. Xabier Osa faboritoa da beterano mailan, eta Itxas-Gaineko jubenilek eta kadeteek ere aurrean amaitzeko aukera handiak dituzte.