Argi izpiak, langabeziaren errautsetatik

Ane Olaizola 2014ko api. 3a, 14:33

Joakin Egiguren, Lourdes Balda eta Jon Odriozola. (Ane Olaizola/ Hitza) Krisi ekonomikoak latz jo du eskualdean, eta merkatuaren ziurgabetasuna eta langabeziaren mamua eguneroko ogia dira askorentzat. 2.217 lagunek, ordea, azaletik bizi dute langabezia eta haren ondorioak. Izan ere, otsailean, %13,95 zeuden langabezian Urola Erdian, izen-abizenekin, aurrera ateratzeko bizitza batekin eta beren istorio propioarekin. Dena den, bada egoera ilun horretan argi izpiak ikusi eta aurrera egitea lortu duenik, eta horren adibide garbiak dira Joakin Egiguren, Jon Odriozola, Lourdes Balda eta Patxi Tena. Errautsetatik atera, eta ekintzailetasunaren bidea hartu dute horiek. Azpeitian itxi diren hiru enpresatako langile ohiak dira laurak, eta egun negozio propioak dituzte. Lau kasu zehatz dira, eta bakoitzak arlo jakin batera bideratu du lana. Euren zaletasun eta nahietatik abiatuta jo dute negozioa sortzera; hain zuzen, gustuko zerbaitetan lan egitearen garrantzia azpimarratu dute guztiek. «Bide gogorra eta zaila» dela ohartarazi dute, baina egoera berdintsuan egon daitezkeenak salto hori eramatera animatu dituzte. «Bidean hilko badira ere, horretarako interesa duenak probatu egin behar du, bestela damutu egingo da». Guztiek Iraurgi Berritzen-en laguntza jaso dute bide horretan, eta erakunde horrek egindako lana eskertu dute. Joakin Egiguren. Graficas Zubiko langile ohia Joakin Egiguren Azkoitian bizi den azpeitiar bat da. 37 urte ditu, eta 11 urtez aritu zen Azpeitiko Graficas Zubi enpresan lanean. Duela hiru urte eta erdi itxi zen enpresa, eta langabezian geratzean, hango bederatzi langilek inprenta bat sortzeko ahalegina egin zuten. Baina, ezin izan zuten aurrera egin. Azpeitiko Glual enpresan hasi zen lanean gero, eta bi urte eta erdi eman zituen han, berriro kaleratu zuten arte. «Ez nuen ziurtasun gabezia horretan jarraitzerik nahi, eta gustatzen zitzaidan zerbaitetan lan egiteko gogoa ere banuen». Kirola du gustuko Egigurenek, eta zaletasun horretatik abiatua, lan merkatua aztertzen hasi zen: «Ikusi nuen Azkoitian arlo horretan ez zegoela eskaintza handirik, aukera bat eduki nezakeela». Azkoitian ireki berri du kirol denda bat, baina, horrez gain, eskaintza berezia eskaini nahi izan du. Biomekanika ikastaroa egin zuen Madrilen (Espainia), eta korrika egiteko prestakuntza ere eskaintzen du. Horrez gain, kirol ikasketak egin eta lanik gabe zeuden hiru gazte azkoitiarrekin hitz egin, eta kirol eta osasun aholkularitza ere eskaintzen dute. Hamar egun igaro dira saltokia zabaldu zuenetik, eta pixkanaka «forma hartzen» joango dela esan du. Pausoa emateko bidea «prozesu luzea» izan dela adierazi du; «lanik gabe geratzean, zerbait egin beharra nuela sentitzen nuen, eta horrek bultzatu ninduen negozioa zabaltzera». Gauzarik zailena, berak nahi duen materiala aurkitzea egiten zaio. Jon Odriozola. Corrugadoseko langile ohia. Jon Odriozola azkoitiarrak 36 urte ditu, eta 17 urte eman zituen Corrugados Azpeitia enpresan lanean: «Enpresa bideragarritasuna bide onetik ez zioala ikusi nuen une batean, eta lantegia uztea erabaki nuen». 2012ko otsailean izan zen hori, eta berehala eman zuen enpresa bat sortzeko jauzia, horretarako nahiak eraginda; «betidanik izan dut negozio bat martxan jartzeko nahia, 2008an ere egin nuen saiakera bat». Corrugadosetik joatean argi zuen bere kontura hasi nahi zuela lanean, eta animaliekiko zaletasunak hala bultzatuta, «animalien munduari irtenbidea» emateko negozio bat zabaldu zuen Munategi auzoan. Laguntzak ikusi, hornitzaileei ateak jo eta merkatua asko aztertu ondoren zabaldu zuen denda. Erabakia hartu aurretik, prozesua luzea izan zuen. «Bakarrik egin nuen salto; webgunea, almazena... ireki, eta animalien elikadura eskainiz hasi nintzen». Egigurenek bezala, bere eskaintzari balio erantsia eman nahi izan dio berak ere. «Gehiago espezializatu behar dugu, merkatuaren egoera ikusita». Bere lanaren gauzarik zailena, hain zuzen, bakardadea dela irizten dio Odriozolak: «Egun txar bat duzunean ez dago inor zu animatzeko». Ekintzailearen lana «gogorra» delakoan da, baina gustuko lana egitea «oso garrantzitsua» dela dio: «Bizi osoa zakur artean daramat, animalia zale amorratua naiz, eta horretan lan egitea garrantzitsua da. Zaila izan arren, bideak berak erakusten du nondik joan eta nondik ez». Lourdes Balda eta Patxi Tena. Muebles Azkueko langile ohiak Lourdes Balda azpeitiarra (42 urte) eta Patxi Tena azkoitiarra (50 urte) Muebles Azkue enpresako langile ohiak dira. Azken honek 25 urte egin zituen bulego teknikoko zuzendari gisa, eta Balda haren taldeko ingeniaria izan zen zazpi urtetan. 2012an itxi zen enpresa. «Egoera txarra dago, eta zerbait egin behar dugu. Gora begira ez dugu ezer egingo», esan zuten kalean geratzean. Ordura arteko bidearekin jarraitzea pentsatu, eta Azpeitian bulego tekniko bat zabaltzea erabaki zuten iaz: «Enpresetan gero eta langile gutxiago daude, eta bulego teknikoa zabaltzea aukera bat izango zela uste genuen». Ondasunen elkarte bat sortu zuten bi bazkideek, erdibana, baina oraingoz Balda ari da han lanean. Altzariaren sektorea kolpatuta dagoen arren, hasiera batean hara bideratu dute zerbitzua, merkatuan hutsune bat zegoelakoan. Baina, aurrera begira, beste hainbat sektoretara zabaltzeko asmoa dute. Lan karga handia edo proiektu zehatz bat egin behar duten enpresentzako egiten dute lan bulegoaren bidez. Enpresek, beraz, une jakin batzuetan jotzen dute eurengana, eta hain zuzen, zailtasunik handiena bezeroak lortzea dela diote. «Orain zeregin guztiak egin behar dira; komertziala, finantzieroa...». Horregatik, Espainiako estatu osora zabaldu nahi dute euren zerbitzua: «Enpresek esaten digute ideia ona dela gurea, baina ez dute dirurik proiektuak aurrera eramateko». Zailtasunak zailtasun, negozio bat jartzeko interesa duenak bere nahia aurrera eraman dezala gomendatu dute, «bestela damutu egingo direlako».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide