Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alkorta haurdun geratu zenean ohartu zen gurasotasunari buruz informazio gehiena gaztelaniaz zegoela. Hori dela eta, sabeletikmundura.com webgunea sortu zuen. Berak koordinatu du Zikoinik Gabe egitasmoa, eta berak eskainiko du zaintza tailer praktikoa ere.
Haurra izatearekin lotutako hainbat momentu eta esparru jorratuko dituzue. Zeintzuk?
Haurdun daudenei edo haurdun geratzekotan daudenei zein bi urte arteko haurra duten gurasoei dago zuzenduta. Programak urtebete iraungo duenez, saiatu gara hasieran zaintza praktikoa, loa, elikadura eta halako kontuak jorratzen, eta gero beste buelta bat eman eta berriz ere hasierara itzultzen.Lotura emateko, lehenbiziko saioetan oinarrietatik hasi eta elikadura osagarrirainoko gaiak landuko ditugu eta, ondoren, berriz bueltatuko gara haurdunaldira. Azkenean, orain haurdun ez dagoena datorren urteko maiatzean egon daitekeelako.
Aitatasunean ere indarra egin nahi izan duzue.
Bai, hori nabarmendu nahi izan dugu. Izan ere, askotariko gurasotasunak daude: aita bakarrak, ama bakarrak, bikote homosexualak...Guztiei irekita daude saioak. Haurrak etorkizuneko helduak izanda, denek baitute informazioa jasotzeko beharra, eta gainera euskaraz.
Zeuk zuzenduko duzu zaintza tailer praktikoa, irailaren 27an. Zer jorratuko duzu bertan?
Haurrarekin etxera iristen zaren momentuan izaten dituzun ohiko zalantzen inguruan ariko gara. Orain galdu da tribu izaera hori, eta askok ez dute sekula ikusi inor pixoihal bat aldatzen. Badirudi hori mundu guztiak jakin behar duela, baina ez da hala. Hortaaz, pixoihal desberdinez, nola jantzi, nola kendu, nola garbitu... hitz egingo dugu. Bainuko momentua ere kritikoa izaten da, batzuetan ematen duelako haurrari ez zaiola gustatzen. Haurra berez uretatik datorren izakia da, eta gozatu behar du ematen badizkiogu baliabide horiek. Elikaduraz ere jardungo dugu; edoskitze aldian zentratuko gara. Horrekin batera, garrantzia berezia emango diogu kontaktu fisikoari, haurra soinean eramateari.