Azkoitia Bai, Bildu eta Zero Zabor taldekoak eta hondakinen lantaldean parte hartu duten herritar batzuk (Ane Olaizola / Hitza)
Azkoitian erabaki dute nola bilduko dituzten hondakinak aurrerantzean. Egungo birziklatze tasa %34 da, eta %70era iristeko asmoz, sistema mistoa jartzea erabaki du Hondakinen Mahaiako gehiengoak: EH Bilduk, Azkoitia Baik eta Zero Zaborrek. PSE-EE eta EAJ ez daude ados. Hala, errefusa atez ate jasoko dute astean behin (beraz derrigorrezkoa izango da organikoa bereiztea), eta organikoa txipdun edukiontzietara bota beharko da; txipak herritar guztiei banatuko dizkiete.
Gauzak ondo, udarako sistema berria indarrean jartzeko asmoa dute. Eredu mistoa izanik, frakzio batzuk edukiontzi finkoen bidez jasoko dituzte, eta errefusa atez ate jasoko dute; beraz, edukiontzi grisak kendu egingo dituzte Azkoitian, eta birziklatu ezin diren hondakinak astean behin jasoko dituzte, ordutegi zehatz baten bidez. Gainontzean, papera, ontzi arinak, organikoa eta beira orain arte bezala jasoko dute, edukiontzi finkoen bidez. Organikoaren edukiontziak, ordea, txipa izango du, birziklatzea kontrolatzeko. Organikoen gaineko emaitzak hobetzeko asmoz, berriz, autokonposta eta auzokonposta indartzeko neurriak hartuko dituztela agindu dute.
Era berean, pixoihalentzako edukiontzi bereziak jarriko dituzte, eta landa eremuetako bizilagunek gune zehatzak izango dituzte, hondakinak birziklatzera botatzeko. Jakinarazi dutenez, Azkoitiko merkatari eta hondakin sortzaile handiekin «lanketa berezia» egingo dute, «egungo bilketa hobetu eta bereizketa sistema eraginkorragoa lortzeko».
Aldaketen aurrean lasaitasun mezua helarazi die Udalak herritarrei, eta beharrezko baliabide guztiak jarriko dituztela agindu; «eurekin batera egingo dugu aldaketa prozesua, eta behar duten informazio, laguntza eta babes guztia izango dute sistema berrira egokitzeko, eta bidea ahalik eta errazen egiten saiatuko gara».
Horretarako, hurrengo astelehenean (apirilak 7) bilera irekia egingo dute herritarrekin. Elkargunean jarri dute hitzordua, 18:30ean. Sistema berria ezartzeko prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte han. Aurrerantzean, berriz, Urola Erdiko Mankomunitateak teknikariak jarriko ditu gai horren inguruan herritarrek dituzten kezkak eta zalantzak argitzeko.
Udala sistema honen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzen ari da. Hala ere, ez dute aurreikusten alde handirik egongo denik egungo sitemarekin alderatuta. Behin martxan jarritakoan, aldiro jarraipena egingo dute, helburuak betetzen al dituen edo ez jakiteko. Betetzen ez baditu, aldaketak eta hobekuntzak egingo dituztela adierazi dute. Sistema arautzeko, berriz, ordenantza egingo du udalak.
«Erdibideko» sistema
Hainbat aukera aztertu ondoren, eredu honen aldeko apustua egin dutela adierazi dute kideek, aldaketa hauekin «jauzi handia» eman dezaketelakoan. «%70eko tasara iristeko gakoa errefusa eta organikoa ondo sailkatuta biltzea da, eta sistema honekin hori bermatzeko modua izango delakoan gaude». Legazpin ere eredu bera dutela azaldu dute: «Emaitza oso onak ematen ari da sistema hau, eta herritarrentzat aldaketa oso txikia eragingo du». «Gutxieneko» ohitura aldaketekin salto handia eman daitekeela berretsi dute; «hori da gure helburua eta ardura». Hartu duten erabakia «ondo hausnartu eta aztertutakoa» izan dela adierazi dute, besteak beste «azterketa ugariren eta urtebeteko partaidetza prozesu baten emaitza izan delako».
Hondakinen Mahaia osatzen duten kideek bigarren fasea hasi zutenean euren jarrerak «malgutzeko» konpromisoa hartu zuten. Bildutik hala adierazi dute: «Hortik abiatuta, guk hasierako jarreratik mugitzeko eta akordiora iristeko ahalegina egin dugu, betiere gutxieneko baldintzak bermatuko dituen sistema egokiena aukeratzeko». «Eraginkortasunaren izenean», atez atekoaren aldeko hautua egin zezaketela adierazi dute, «baina adostasuna izan dugu helburu, eta herritarrentzat ohitura aldaketa txikiena eragingo duen sistema bat ezartzea onartu dugu». Horien arabera, «erdibidean» dagoen sistema da adostu dutena.
Urtebeteko prozesua
Hondakinen lantaldea duela urtebete abiatu zuten, eta gaiaren ikuspegi desberdinak jorratu zituzten bilera irekietan. Sistemak bermatu beharko lituzketen gutxieneko baldintza batzuk adostu zituzten, eta udalak 2013ko uztailean onartu zituen. Bilketa sistemaren inguruan, aurten %70eko sailkatze maila eta ondorengo bi urteetan %80-85era iristea onartu zuten. Gaika bildutakoaren kalitatea bermatuko duen eta errefusari ateak itxiko dizkion sistema izatea eta birziklatzea herritar guztien betebeharra izatea ere onartu zuten, Bildu, EAJ eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin; PSE-EEk aurka egin zuen. Gero bigarren fasea hasi zuten alderdiek eta Zero Zaborrek. Atez atekoaren aurkako plataformak uko egin zion parte hartzeari. Udazkenetik sistema adosten aritu dira. Eskerrak eman dizkiete modu batera edo bestela parte hartu dutenei. «Aurrera begira ere elkarlana ezinbestekoa izango da».