Gazte lokalen erabilera arautzeko ordenantza onartu du Azpeitiko Udalak

Olatz Prat 2014ko apirilaren 3a

Azpeitiko gazte lokal bat (Olatz Prat/ Hitza) Azpeitiko gazte lokal bat (Olatz Prat/ Hitza) Arratsaldeko laurak dira, asteazkena. Gazteek amaitu dituzte gaurkoz eskolak, eta eguneroko bisita egin dute lokalera. «Klase partikularrak izaten ditugu, eta bata eta bestearen artean lasai egoteko ondo etortzen da lokala edukitzea», esan du gazte batek. «Normalean, eguerditik aurrera beti egoten da norbait hemen», azaldu du beste batek. Asteburuetan, kalera ere ateratzen dira afaltzera,edo otartekoak lokalean afaldu ostean. Izan ere, behar duten guztia dute gazteek lokaletan: lasaitasuna, telebista eta bideo-jokoak, denentzako nahikoa sofa... Ondo pasatzeko lagunarterako tokia, euren txokoa, azken finean. Baina, dena ez da beti hain erraza eta hain ederra. Batetik, etxepeetatik kexak jasotzen dituzte, ahotsen edo baloien zaratak gogaitu ditzakeelako bizilagunak. Bestetik, arriskuak ere hor daude, inoiz suterik ere izan baita Azpeitiko gazte lokal batean. Hain zuzen, arrisku horiek saihesteko eta «lokalen erabiltzaileen eta bizilagunen arteko bizikidetza egokia» lortzeko, gazte lokalentzako araudi bat proposatu du Udalak. Proposatu, eta baita onartu ere. Imanol Amenabar  Gazteriako zinegotziak eman ditu azalpenak: «Jakitun ginen gazte lokalen errealitatea oso konplexua zela, espazio alegalak baitziren, eta bakoitzak dituen baldintzak eta ematen zaien erabilera, oso desberdina delako».  Bizikidetza sosegatu hori lortzeko, «guztion ahalegina beharrezkoa» dela nabarmendu du zinegotziak. Udalbatzak onartu duen araudiak hiru helburu nagusi ditu. Alde batetik, gazte lokalek gutxieneko baldintzak betetzea bizigarritasunari, garbitasunari, erosotasunari eta segurtasunari dagokionez. Gainera, gazteek lokalak erabiltzearen eskubidea eta auzotarren eskubideak bateratzea nahi da, arau hausteetarako neurri zuzentzaileak zehaztuz. Araudiaren helburu nagusia, ordea, gazte lokalen eraginez sor daitezkeen arazoak murriztea eta herritarren arteko bizikidetza bermatzea da. Udalak proposatutako arautegia gazteekin, adin txikiko erabiltzaileekin eta haien guraso edo tutoreekin urtebetez garatutako prozesu parte-hartzaile baten ostean osatu da. Orain, ekarpenak egiteko hilabeteko epea zabaldu da eta, ondoren, behin betiko onartuko dute araudia. Baldintzak bete behar Azpeitiko bi lokaletan izan da UROLA KOSTAKO HITZA. Araudi berriaz dakitenaren arabera, baldintza gehienak betetzen dituztela diote, eta ez dute uste arautegi berriak «eragin handirik» izango duenik euren lokaletan. «Ateen neurria egokitzea eta su-itzalgailua edukitzea faltako litzaiguke guri», esan dute lehen lokaleko bi mutilek. «Komuna, esaterako, ondo dugu, baita instalazioak ere». Irailean sartu ziren lokal honetan eta, orain arte behintzat, bizilagunekin inongo arazorik ez dutela eduki esan dute. Bigarren lokalean, telebistan kirolak ikusten ari dira bi mutil, sofa banatan, eroso eserita. Arautegia «zenbait gauza zuzentzeko ondo dator» haietako baten ustez, «lokaletan edozer gerta baitaiteke, sute bat esaterako; orain ez asko hemen alboko lokalean sofa batek su hartu zuen zigarro baten erruz». Horregatik, ondo ikusten dute su-itzalgailuak jartzea bezalako neurriak hartzea. Ur eta elektrizitate instalazioen baldintzak betetzen dituztela esan dute. Batzuek nahiz besteek faltan botako dutena da «udan batez ere kanpora aulkiak edo sofak ateratzea», gune publikoaren erabilera mugatu egingo baitu araudi berriak. Inoiz ez denen gustuko Herenegun egindako udalbatzarrean behin-behinean onartu zen arautegi berria, Bilduren eta Hamaikabaten aldeko botoekin eta EAJren aurkakoarekin. Alderdi guztiek ikusten dute beharrezko lokalen erabilera erregulatzea eta, era berean, beharrezko ikusten dute arauak betetzen direla ziurtatzea, beharrezko ikuskaritzak eta jarraipena eginez. Ordea, arautegi berriak sukaldea jartzeko baimenak ematea aurreikusten du, eta horrek eragin du kezka gehien oposizioko alderdietan. EAJko bozeramale Aitor Gorrotxategik adierazi zuenez, lokaletan sukaldeak jartzea ez da egokia, «talka egiten baitu elkarte gastronomikoekin eta zenbait ostalaritza gunerekin, haiei oso neurri gogorrak eskatzen zaizkienean». Hamaikabateko Aitor Arangurenek ere «zirrikituak» ikusten ditu sukaldeak jartzearen arloan. Bi alderdiek nabarmendu zuten «ikuskaritza eta jarraipena egitea» beharrezkoak direla. EAJk, bestetik, «zenbait ostalarik» eurei helarazitako ohar bat aurkeztu zuen bilkuran. Han ziotenez, arautegiak «kalte» egiten die ostalariei, lokalei ez baitzaizkie eskatzen tabernei eskatzen zaizkieten zenbait gauza: erretzeko debekua edo isiltasuna bermatzeko neurriak, kasu. «Lokala edukitzea gazteen eskubidea» dela adierazi zuen Eneko Etxeberria alkateak. Hala ere, zera esan zuen: «Eskubideak beti dakartza betebeharrak ere, eta hori ziurtatzea da gure lana».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide