Gaizka Garitano Eibarren, Ipuruan (Nerea Uranga/ Hitza)
Espainiako Bigarren mailako Eibar futbol taldearen entrenatzailea da Gaizka Garitano (Derio, Bizkaia, 1975). Eguneko ordu gehienak Eibarren pasatzen dituela dio, baina azkeneko hamar urteetan Zarautzen bizi da. Eibar denboraldi bikaina egiten ari da, baina sekreturik ez dagoela dio, lana dela giltzarria.
Lehen Eibarren jokalari aritu zinen. Jokalari izatea utzi eta entrenatzaile bezala itzuli zinen Eibarrera. Itzulera bikaina izaten ari da, ezta?
Bai, ona, ona izaten ari da. Eibarren entrenatzaile bezala bosgarren denboraldia dut azken hau. Aurretik, Eibarko filialean, Espainiako Hirugarren mailako taldea entrenatzen aritu nintzen, eta gustura nabil. Jokalari bezala ere urte pila aritu nintzen Eibarren, eta orain entrenatzaile ari naiz. Oraingo hau, bigarren denboraldia dut aurreneko taldea entrenatzen, eta oso gustura ari naiz.
Aurreko denboraldian Bigarren Btik Bigarren mailarako jauzia eman zenuten, eta orain, berriz, sailkapeneko aurreneko postuan zaudete denbora askoan.
Gorantza egin dugu, bai. Oso gustura nago, Eibarko lehen taldea entrenatzeko aukera eman zidaten, eta pixkanaka goruntz egin dugu. Oraingoz pozik gaude.
Goruntzko bide hori egiteko zein da sekretua?
Ez dago sekretu handirik, denek horixe galdetzen didate, baina ez ez dago sekreturik. Jokalari onak ditugu, gainera pertsona onak dira, langileak eta taldean ondo moldatzen direnak; denon arteko lana dago atzean. Sekreturik izatekotan, eguneroko lana da. Ez dago besterik. Lan asko egin eta gogor entrenatzen dugu; futbolean ez dago beste sekreturik.
Gogor lan egin eta entrenatzea gustuko duzu zeuk, ezta?
Bai, bai. Jokalaria nintzenean ere hala gustatzen zitzaidan, eta nik uste dut oinarria eguneroko lan horretan dagoela. Jokalariek oso gogor, intentsitate handiz, entrenatzen dute, eta gero asteburuetan, partidetan, hori antzeman egiten da. Taldea oso ondo prestatuta dagoela ikusten da, eta zorte handia daukat jokalari onak ditudalako, konpromiso handikoak gainera.
Hamar jardunaldi falta zaizkio Eibarri denboraldia bukatzeko. Lehen maila gertu edo urruti ikusten duzue? Edo oraindik goiz ote da horretaz hitz egiteko?
Kanpoan asko ari dira kontu horretaz, baina talde barruan ez diogu horri buelta handirik ematen. Astetik astera pentsatzen ari gara, eta orain momentuan hurrengo partida ari gara prestatzen. Aurrerago, ez dakigu zer gertatuko den, datorren astean, hemendik bi astera... Ez gara oso ameslariak, ni behintzat ez. Egunean egunekoa bizi dut, eta ahal dudan guztia disfrutatzen dut, eta zenbait eta gehiago, hobeto. Oraindik asko falta da, eta ez dakit zer gertatuko den. Baina, ez da erraza izango.
Momentuko helburua sailkapeneko lehen postu horri eustea al duzue?
Bigarren mailari eusteko helburu hori beteta dugu, 55 puntu dauzkagu eta horrekin nahikoa da. Hemendik aurrera ahalik eta goren gelditzea da gure intentzioa. Orain aurrenak goaz, eta eroso sentitzen gara gauden tokian. Ez dugu nahi inork gu hortik kentzerik, eta denboraldia hor bukatzeko borrokatuko dugu. Baina, aldi berean, errealitateari pixka bat erreparatuz, ikusi behar dugu gure ondoan dauden taldeak gu baino hobeak direla, eta indartsuagoak direla eta zaila izango dela lehenengo postu horri eustea.
Eibarko jokalari izan zinenean Eibarrek Lehen maila gertu izan zuen, orain ere hortxe ikusten da. Lehen mailarako jauzia ematea lortuz gero, arantza bat kentzea izango al litzateke zuretzat?
Ba bai, trena behin pasatzen dela esaten da, eta ez dagoela bigarrenik. Lehenengoa ez nuen hartu, eta berriro pasatzen da trena aurretik, baina ez dakit berriro ihesi joango den, ez dakit. Ez da erraza, eta esan bezala, ez naiz oso ameslaria, eta ez dakit zer gertatuko den. Astetik astera begiratzen dugu, gauden tokian segitzeko. Ahal badugu hurrengo partida irabazten saiatuko gara.
Bestela, Eibarrek Lehen mailan aritzeko baldintzak ba al ditu? Dirua, azpiegiturak...
Diru aldetik Lehenengo maila zerua ukitzea bezala da, alde guztietatik diru iturriak handitu egiten direlako, eta dirua ez da arazoa; bestela da, diru asko ematen du Lehen mailak. Orain, gure arazorik larriena Bigarren mailako sailkapenean lehen bien artean gelditu beharra da. Arazorik handiena hori da, bestela ez legoke arazorik. Egia da, Bigarren mailan egonda ere, entrenatzeko belarrezko zelairik ez daukagula: horregatik, hor ibiltzen gara entrenatzen, egun batean Azpeitian, beste batean Zarautzen, Zamudion, Bergaran... Azpiegitura aldetik hori da orain dugun arazorik handiena. Belarrezko zelaia jokatzen dugun hau da [Ipurua], eta asko zaindu behar da, puskatu egiten delako. Bigarren mailan egoteko dauzkagun instalazioak ez dira oso onak; ordea, Eibarren beste gauza on batzuk baditugu.
Nolakoa da Eibarko afizioa?
Eibarren afizioa une honetan bero dago. Taldea ondo joan edo ez, beti etortzen dira eibartarrak partidetara. Kanpotik ez da jende gehiegi etortzen, baina orain taldea ondo dabilenez, gero eta gehiago dator. Dena den, pozik gaude zaletuekin; gutxi dira, baina zaratatsuak. Kanpoan jokatzen dugunetan ere batzuk etortzen dira, esaterako Eskozia La Brava peñakoak ia beti joaten dira kanpora ere.
Aurreko denboralditik taldea asko al dago aldatuta?
Ez, ez. Orain momentuan titular jokatzen ari dira aurreko denboraldiko zortzi edo; 11tik zortzi edo zazpi beti daude aurreko denboraldian ere Eibarren ari zirenak. Bigarren B mailan ari ginenean jende gaztea zen taldean, eta horiekin jarraitzen dugu. Kanpotik beste batzuk ekarri ditugu, baina jokalariak gehienbat aurreko denboraldiko berberak dira.
Eta, jokalariekin pozik segitzen duzula diozu.
Bai, oso pozik nago. Horregatik gelditu ginen aurreko denboraldiko jendearekin, oso langileak direlako, kalitatea geneukalako. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta oso giro ona dago aldagelan. Ekarri ditugun jokalari berriak ere laster moldatu dira taldera, eta hori dena da pixka bat sekretua. Lagun talde bat gara, eta horrek niri asko errazten dit lana.
Esaterako, Yuri Berchiche zarauztarra Realak utzita duzue taldean. Joko ona egiten ari da, zer diozu zuk?
Bai, oso ondo ari da. Aurreko denboraldian ere Eibarrekin aritu zen, eta oso denboraldi ona egin zuen, eta orain ere hala ari da. Asko hazi den mutila da, eta etorkizun handia dauka.
Datorren denboraldian Realean jarduteko aukerarik ikusten al diozu?
Ez dakit, Realarekin dauka kontratua, eta Eibarren utzita ari da. Ea egia den, merezi du, baina Realean ere postu horretan jokalari onak daude. Beragatik apustu egingo nuke, oso jokalari ona delako, baina hori Realak jakingo du.
Gauzak ondo egiteko, zer egiten duzu zuk entrenatzaile zaren aldetik?
Entrenatzaileok jokalariak behar ditugu: jokalari onak edukita, langileak, aldagelan giro ona izanda... azkenean horrekin guztiarekin entrenatzailearen lan erdia eginda dago. Gero, nik futbola nola ikusten dudan eurei transmititzen saiatzen naiz, eta momentuz hori ondo doa.
Emaitza onak erakusten ari zara. Horrek beste ate batzuk irekitzeko aukera ekarriko dizula uste al duzu?
Ufff, lehen esan bezala, astetik astera pentsatzen dut, eta ez dut horrelakoetan pentsatu. Oraindik gaztea naiz, eta ez daukat esperientzia handirik. Azken urteetan ondo ateratzen ari zaizkit gauzak, eta pozik nago alde horretatik, baina ez daukat presarik gora joateko, edo behintzat inork ez dit deitu orain arte. Gainera, orain gustura nago Eibarren.
Angel Garitano Ondarru aita ere futbol entrenatzailea duzu. Harengandik zerbait ikasi al duzu lan honetarako?
Bai, asko; zalantzarik gabe, asko ikasi dut. Urte asko dira berarekin bizi ez naizela, baina txikitatik gure etxean futbola izan da gai nagusia, eta gure aitarekin beti futbolari buruz hitz egiten dugu. Asko ikasi dugu berarekin.
Gomendiorik ematen al dizu?
Ez, gomendiorik ez. Baina, bazkaritan eta halakoetan asko hitz egiten dugu futbolari buruz, eta beti gustatzen zait bere ikuspuntua entzutea. Gaztea nintzenean beharbada eman zidan aholkuren bat, baina orain ez dit gomendiorik ematen.
Eguna Eibarren pasatzen duzu, nahiz eta Zarautzen bizi. Zarautzen, kalean, antzematen al duzu Eibarrek jarraitzailerik baduen?
Bai ,eta gero eta gehiago gainera. Zarauzko lagun batzuk Ipuruara ere joaten dira, eta kalean ere gero eta gehiago galdetzen didate Eibarri buruz. Gainera, Zarautzen eibartar pila bat bizi da, pila bat. Bizilagun batzuk ere Eibarkoak ditut, eta oso pozik daude.
Gipuzkoan, orduan, Realaz gain beste futbol talde batzuek ere jarraitzaileak badituzue.
Beno, orain ditugun emaitzekin pixka bat modan ari gara jartzen. Baina, Reala, Athletic eta halako taldeekin ez daukagu zerikusirik, talde handiak dira, eta historia handia dute. Gu azken urteetan hor agertu gara, baina beti Bigarren B mailan edo Bigarren A mailan egon izan gara.