Barazkiak modu ekologikoan ekoitzi beharko dira udal baratzetan

Urola Kostako Hitza 2014ko apirilaren 3a

Aurrerantzean barazkiak modu ekologikoan ekoitziko dituzte Zarauzko udal baratzetan. 2013ko ekainaren 24ean ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin eta Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkartearekin akordioa sinatu zuen Zarauzko Udalak. Hitzarmen horretan jaso zuten, hain zuzen, udalak utzitako lurretan dauden baratzetako barazkien ekoizpenak ekologikoa behar zuela izan. Horretarako, prestatu egin zituzten emakidunak. 2013an ikastaro teoriko bat eskaini zieten eta aldi berean gida liburu bat eman zitzaien. Saio praktikoak ere egin zituzten baratzetan. Orain modu horretan ekoiztuko dituzte barazkiak. Horretako hainbat baldintza bete beharko dute baratzazaleek. Batetik, lurraren emankortasuna mantentzeko ongarri ekologikoak erabili beharko dituzte, simaurra eta konposta bereziki. Bestetik, ureztatze modua zaindu beharko dute gaitz edota izurriterik egon ez dadin, eta baita landareen errotazioa egiteko modua ere. Aldi berean, gaitz eta izurriteen aurka egiteko ezingo dituzte naturalak ez diren gai sintetikoz egindako produktuak. Behar izanez gero, animalia, mikrobio edota jatorri mineraleko produktu naturalak erabili ahalko dituzte. Erositakoak baldin badira, produktuaren etiketan nekazaritza ekologikoaren bidez sortu direla adierazi beharko du. Horren berri izan nahi dutenek Etxezabalara jo dezakete hilaren 16ra arte, 08:30-14:30 bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide