Artisten borroka pribatuak

Urola Kostako Hitza 2014ko apirilaren 3a

Bertol Arrieta BOSTEKOA. Bertol Arrieta. Artisten egoak hegoak baino zabalagoak izaten direla esan ohi da, eta horregatik, akaso, lan bat gaizki ateratzen zaienean, ezkutatu, deuseztatu nahi izaten dute. Stanley Kubrick handiak, kasu, ez omen zuen bakerik izan Fear and desire bere lehen lanaren kopia guztiak desagerraraztea lortu arte. Ez omen zuen lan haren egile zela aitortu ere egin nahi. Idazle askok ere uko egiten diote beren lanen zirriborroak erakusteari: ezin hitz bat irakurri, lan osoa bukatutzat eman arte. Mito moduko hori hausten duen proposamena aurkeztu dute Donostian berriki, antzezlan baten sortze prozesuan parte hartzeko aukera emanez; hain zuzen, David Harrowerrek idatzitako Blackbird lanaren prestaketan. Hamabost bat lagun jardun gara antzezlanaren entseguak segitzen, lanaren zuzendari den Ttanttaka konpainiako Fernando Bernuesekin eta Isidoro Fernandez eta Fariba Sheikhan aktoreekin batera. Prestaketa lanen garapena bertatik bertara ezagutu eta antzezlan bat taularatzearen konplexutasuna ikusi eta ulertu ahal izan dugu honela. Antzezlanaren lehen irakurketa dramatikotik hasita, azken entsegu orokorrera, lau orduko bost saio egin ditugu guztira, testuaren interpretazio anitzak, eszenografia-erabakiak eta aktoreen zuzendaritzari buruzkoak aztertuz. Zuzendaria eta aktoreak gurekin astean behin elkartzen baziren ere, egunero egiten zituzten eurek entseguak, arratsalderoko lau-bost orduko saioetan, eta hurrengo saioa iristen zenean, nabarmena izaten zen hobekuntza. Plazera izan da prozesu honetan parte hartzea. Balio izan digu, besteak beste, egiaztatzeko, arte molde guztietan bezala, xehetasun guztiak ondo baino hobeto landu behar direla gauzak ondo egiteko, eta ikusteko antzerkiarena, inondik ere, lan gogorra eta errepikakorra dela. Uste genuena baino gehiago. Testua makina bat aldiz murtxikatu eta irentsi behar da, oihala altxatzerakoan magia apur bat egon dadin. Txaloak eta bozkarioak eta taularatzearen emozioa izugarriak dira, eta horixe da kanpotik ikusten dena, baina, sinetsidazue, batere glamourrik gabeko jardun gogorra dago aurretik. Biziki maite behar da aktore ofizioa, halako kontuetan aritzeko. Gurekin egon diren aktoreek erakutsi dute hainbeste, eta gehiago, maite dutela euren ofizioa. Eskarmentu handikoa bata (Isidoro Fernandez), nahiko hasiberria bestea (Fariba Sheikhan), lezio handia eman digute biek ala biek. Akatsak egitea, norberaren ahultasunak erakustea ia debekatuta dagoen gizarte honetan, euren ziurgabetasunak-zalantzak-beldurrak-inperfekzioak lotsarik gabe erakutsi dizkigute, lehendabiziko entseguetatik gure aurrean jardun direlarik, egoak alde batera utzita goi-goitik hegan eginez. Fernando Bernuesek ere halako egoera zaila maneiatzeko izan duen egonarria eta samurtasuna, aktoreak une oro defendatuz eta babestuz, txapela kentzeko modukoak izan dira. Ez da batere erraza azken produktu landuenaren ordez, tarteko, eta batez ere hasierako, urratsetako emaitzak jendaurrean erakustea. Zaila oso, baina baita ederra eta aberasgarria ere (eta ez bakarrik ikuslearentzat, baita erakusten duenarentzat ere). Pena horrelako egitasmo gutxi izatea. Gustura ikusiko genituzke, bertatik bertara, filmen errodajeak, margolarien lanak, idazleen zirriborroak, eta konpartitu euren sortze prozesuen kezkak, beldurrak, erabaki zuzen eta okerrak. Agian, Donostia 2016ren aitzakian, artisten borroka, berez pribatuak, ikusteko aukerarik izango dugu berriz ere. Ni, behintzat, apuntatuko naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide