Azpeitiko Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin hitzarmena egin du memoria historikoa aztertzeko (Nerea Uranga/ Hitza)
Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin memoria historikoaren inguruko hitzarmena sinatu dute, Azpeitia Gerra Zibilean eta oroimen historikoa aztertzeko; hau da, 1936-1945 urteetako udalerriko errealitatea ikertzea eta ezagutzea du helburu. Atzo udalbatzarrean aho batez onartu zuten akordioa. "Azpeitiarroi ere iritsi zaigu memoria historikoa lantzeko ordua, beste leku askotan egin da. Seguruenik aurretik eginda beharko luke, baina inoiz ez da berandu", esan du Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak.
Hitzarmen honek, besteak beste, "behar pertsonal bati" erantzungo diola esan du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak,"nire familian izandako gertaerengatik beti izan dut beharra gai honi heltzeko. Etxean beti entzun dut: alde egin behar izan zutela eta Bilbon izan zirela gerran. Eibartarrekin egin zutela borrokan; Santoñan egon zirela, han itsasontzi batean kartzeleratuta eduki zituztela; eta, gero etxera itzuli zirela. Beldurra pasatu zutela, eta derrigortuta pasatu zena ahaztu beharra izan zutela". Udal bezala ere, uste du alkateak, "zer gertatu da?" galderari erantzun behar zaiola. "Gainera, uste dut, garai hauetan oraindik eta indar gehiagorekin erantzun behar zaiola", esan du. Berriro ez gertatzeko atzera begiratu beharra dagoela esan du Etxeberriak, "denok gutxienez elementu objetibo batzuk ezagutu behar ditugu. Ez dakigu zer gertatu zen, eta urte asko pasatu diren arren, oraindik ere jakin gabe gaude. Uste dut gutxieneko eskubidea dela egia zein den ezagutzea. Gero, bakoitzak baloratuko du. Baina, gure egin beharra da egia ezagutzeko eskubidea gauzatzea, eta hori uste dut udalaren lana dela". Ondoren, "justizia letra handiz egiteko" ezinbestekoa da egia ezagutzea alkatearen ustez."Zoritxarrez, gaur egun Azpeitian eta Urolan egia osoa ez dugu ezagutzen, eta gure herritarrek badute hemen 1936. urtean zer gertatu zen jakiteko eskubidea". Horretarako, Aranzadirekin elkarlanean aritzea erabaki du udalak.
Imanol Elias gogoan
Eneko Etxeberriak Imanol Elias zena gogoan izan du hitzarmenaren berri emateko orduan: "Agintaldiaren hasieran Imanolengana zuzendu nintzen lan hau egiteko eskatuz. Berak, hainbat dokumentu eta datu esanguratsu jaso zituen, baina orduan gaixotasunak oso pattalduta zeukan Imanol, eta zoritxarrez ezin izan zuen lan hau burutu edo lan hau burutzen lagundu".
Egia ezagutzeko beharra
Juantxo Agirre Aranzadiko idazkariak esan duenez Aranzadik antzeko lanak egin ditu beste udalerri batzuetan, "ez bakarrik tokiko historia ikertzen, baita ere desagertuen alorrean; azken hau oso ezaguna da". Udalerri guztietan "egia ezagutzeko" beharra daukatela esan du Agirrek, "pixka bat berandu da, 75 urte pasatu dira, baina nolabait ere udal demokratiko baten beharra da jakitea zer gertatu zen 1936 eta 1945 artean. Eta, egia ezagutzea metodologia zientifiko batekin eta objetibotasunarekin". Aranzadik teknikari batzuk izano ditu lanean, baina batik bat Javi Buces historialaria ariko da horretan.
Ikerketarako ahalik eta idatzizko dokumentazio, argazki eta ahozko testigantza gehien biltzea nahi dute. Idatzizko dokumentazioa udal artxibora bakarrik ez da mugatuko: Bizkaiko eta Gipuzkoako artxiboetan begiratuko dute eta Espainiako hainbat artxibotara ere joko dute: El Ferrol, Valladolid edota Madrilera. "Gure helburua ez da gerra zibileko historia bat egitea, baizik eta pertsonei buruzko historiak bilatu nahi ditugu, pertsonen eta Azpeitiko bizilagunen bizipenak jaso nahi ditugu". Ikuspegia giza eskubideen urraketaren arlokoa da. Lana, berriz, oso metodikoa dela esan du Agirrek, "pertsona bakoitzaren jarraipena bilatu behar dugu eta ikuspegi zabal horrekin eta objetibotasunarekin". Hori dena egiteko udalak baliabide teknikoak jarriko ditu eta bere ekarpen ekonomikoa eta laguntza tekniko guztia emango du, "baina ez da nahikoa". Azpeitiko bizilagunen beharra daukatela esan dute, bakoitzak bere etxean dituen datu txikiak behar ditugu, argazkiak, dokumentuak... Historia guzti hoiek ez daude bakarrik artxiboetan, bakoitzaren etxean gordeta segitzen dute urte askotan". Proiektua ondo ateratzeko herritarren laguntza ezinbestekoa dela esan du Javi Buces historialariak.
Lanean hasi dira dagoeneko, baina datozen hilabeteetan gizarteratuko dute proiektua herrian. Etxez etxe eskuorri bat banatuko dute, eta maiatzean hiru hitzaldi eta erakusketa bat egingo dituzte. Hitzaldietako bat Pako Etxeberria antropologoak eta forentseak emango du, bestea Mikel Aizpuru historialariak eta hirugarrena Lourdes Herrastik antropologoa eta historialariak. Ekainean, berriz, oroimenaren bulegoa zabalduko dute Azpeitian, hori udalak eskaintzen duen zerbitzu bat da interesatuta dauden herritar guztientzako; astean bitan egongo da zabalik. Horrez gain, herritarrek edozer testingantza ematea nahiko balute 699809130 telefono zenbakira dei dezakete edota
jbuces@aranzadi-zientziak.org posta elektronikoko helbidera idatzi dezakete.