Zarauzko udalarekin euskaraz aritu nahi dutela eska dezakete herritarrek

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko apirilaren 2a

«Euskaraz bizitzearen alde egotetik euskaraz bizitzearen alde egitera pasa behar dugu», dio Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Udalaren eta zarauztarren arteko harreman guztia ere hizkuntza horretan izatea nahi dute. «Zarauzko Udalak erakutsi izan du Euskal Herri euskaldunaren bidean urratsak eman daitezkeela; Ueman sartu eta hizkuntza irizpide berriak zehaztu eta onartu ditu, besteak beste». Hala ere, euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko hori ez dela «nahikoa» dio, eta horri jarraipena egin eta irizpide horiek betearaztea da taldearen asmoa: «Gure herrian oraindik udalaren eskumena diren eraikinetan euskaldunonganako urraketak baditugu». Hala, Udala eta biok euskaraz! kanpaina abiatu dute, «udalari euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatzeko eta udalarekiko harreman guztiak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko eskatzeko». Horretarako, udal eraikin eta espazioetan—besteak beste, kiroldegian, zahar etxean eta eguneko zentroan— euskaraz artatu ditzaten udalak berak neurriak har ditzan eskatzera animatu dituzte herritarrak. Interesa dutenek eskaera orria (http://www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean aurki daiteke hori) bete eta udaletxean utz dezakete, edo bestela, EHE taldeko kideren bati ematea ere badago. Horrekin batera, larunbat honetan Gasteizen ospatuko duten Euskaraz Bizi Egunean parte hartzeko eskatu diete zarauztarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide