Beningo ikastetxea (Proyde proega)
Zarauzko Proyde- Proega gobernuz kanpoko erakundeak elkartasun kontzertu bat antolatu du ostiralerako, bi helbururekin. Batetik, elkarteak herritarrengana hurbildu nahi du, eta haren helburua ezagutarazi. Bestetik, Beningo Errepublikan (Afrika) martxan jarri duten egitasmoa erakusteko asmoa du. Hain zuzen, Abomey-Calavi hiriko Akassato auzoan ikastetxe bat egin zuen elkarteak. Martxan dago, baina zerbitzua zabaltzeko hirugarren solairua eraikitzen ari da egun Zarauzko Udalaren diru laguntzei esker, eta horren berri emateko asmoa du ostiralean.
Zarauzko La Salle ikastetxeko ikasle, irakasle, ikasle ohi, guraso zein lagunek hartuko dute parte kontzertu horretan. 19:00etan hasiko dute emanaldia, eta sarrera bakoitzak bost euro balioko du. Txartelak eskuratzeko La Salleko idazkaritzara jo beharko dute interesa dutenek. Jakinarazi dutenez, bildutako dirua proiektua laguntzen jarraitzeko baliatuko dute.
Hezkuntza bultzatzea xede
Proyde-Proega La Salle ikastetxe barruko elkartea da. 1988an sortu zuten, eta «hasiera-hasieratik» horren egitekoa bikoitza izan dela jakinarazi dute bertako kideek: alde batetik, hezkuntzaren garapenerako eta elkartasuna bultzatzeko Euskal Herrian sentsibilizazio kanpainak sustatzea izan du helburu, eta bestetik, probrezia egoeran zein garapen bidean dauden herrialdeetan hezkuntza eskubidea bermatu dadin proiektuak indartzea.
Alde horretatik, sortu zenetik 150 egitasmotik gora jarri du martxan elkarte horrek beste hainbat elkarterekin elkarlanean. Horien artean, Akassaton kalitatezko heziketa eskaintzeko egin du indarra, eta hezkuntza orokorreko zentroa sortzen ari da egun.
Urte luzetako prozesua izan da hori. Adierazi dutenez, 2007an ekin zioten proiektuari, eta hainbat fase izan ditu horrek. 2009an bi lursail erosi zituzten, gerora bertan eskola eraiki ahal izateko. Urtebete beranduago amaitu zuten Lehen Hezkuntzako gelak sortzen eta atontzen, eta 2012an bigarren solairua eraiki zuten. Egun hirugarren fasean daude murgilduta : Bigarren Hezkuntzako solairua egiten ari dira. Eraikitze fase guztietan lagundu du Zarauzko Udalak. Eta horrek eman ditu fruituak: «Ez da ahaztu behar Proyde- Proegak esku hartutako proiektu honetan 1.700 ikasletik gorak jaso dutela hezkuntza arautua, eta 300 lagunek heziketa ez arautua. Horrek 800 familiatan eragin du; horietatik %50 emakumezkoa da, gainera». Izan ere, genero ikuspegitik ere landu dute auzia, gizonezkoek zein emakumezkoek «aukera berak» izan ditzaten lan merkatura sartzeko. Hala, ikastetxea hornitzen ari dira idazkaritza, kontabilitatea eta merkataritza ikasketak ere egin ahal izateko.
Beningo alfabetatze tasa munduko baxuenetako bat da: 2010ean 15 urtetik gorakoen %42,4k soilik zekiten irakurtzen eta idazten. Horietatik %55,2 gizonezkoak ziren, eta % 30,3 emakumezkoak. Eskolaratze tasari dagokionez, emakumezkoen %60,2k egin zituzten Lehen Hezkuntzako ikasketak, eta gizonezkoen %81,8k. «Emakumeen integrazioan hezkuntza sistema zailtasunez betea dago», aitortu dute Zarauzko Proyde-Proegako kideek. «Lehen Hezkuntza ikasten dute, baina urteak pasatu ahala utzi egin ohi dituzte ikasketak, familiak zein gizarteak ez diotelako horri garrantziarik ematen. Emakume horien etorkizuna ama izatea da, etxea eta senarra zaintzea». Herrialde horretako emakume askoren alfabetizazio falta horren erakusle dela diote.