Sukaldaritza arduratsu eta osasuntsuaren tailerra prestatu dute Zestoan

Ane Olaizola 2014ko apirilaren 2a

Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak, Iraurgi Berritzen-ek, Zestoako Udalak eta Beizamako aterpetxeak antolatuta, Zestoako umeek sukaldaritza osasuntsua eta arduratsua zer den ikasteko aukera izango dute larunbat honetan. Sei eta hamabi urte bitarteko umeentzako prestatu dituzte tailerrak, eta goizean zehar modu osasungarrian sukaldatzeko eta jateko ekintzak egingo dituzte. Goizeko hamarretan elkartuko dira umeak, udaletxean, eta azokara joango dira behar dituzten erosketak egitera. 11:00etan, berriz, ogia egiten ikasiko dute umeek, eta hura amaitutakoan bazkaria prestatzen hasiko dira; 14:00etara bitartean neguko barazki purea, hanburgesak saltsan eta opilal egiten arituko dira. Beraiek prestatutako janaria bazkalduko dute eguerdian, eta arratsaldean jolas kooperatiboak egingo dituzte. 16:00etan jaso beharko dira berriz umeak, udaletxean. Egitasmoan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, eta erreserbak egiteko eta informazio osoa lortzeko 943-147010 telefonora deitu (Izaskun Larrañaga) edo ingurugiro@zestoa.net helbidera idatzi behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide