Gueraraorio elkarteko kideak (Aiora Larrañaga/ Hitza)
Euskal Herrian bizita, zaila da irudikatzea zer den bizitzea hondarrez eta lurrez inguraturiko desertu lehor eta gogorrean. Mendebaldeko Saharako kanpamenduetan bizitzea oso zaila egiten dute tenperatura altuek, elikagai freskoen gabeziak, lan aukera urriek eta osasun zerbitzua edo hezkuntza sistema izateko zailtasunek. Pertsona horiei laguntzeko, sortu berri dute Orion Gueraraorio elkartea. Urteak daramatzate Jokin Urangak eta Orioko bizilagun Ahmed Labeid sahararrak oriotarrak gaiaz sentsibilizatzeko lanean. Orain arte Saharautz Elkartearen bitartez antolatzen zituzten ekitaldiak, baina urrats bat aurrera eman eta Orion elkartea sortzea erabaki dute. «Oriotarren artean elkartea erreferente izatea nahi dugu, eta oriotarrak sentsibilizatzeko lanean jarraituko dugu aurrantzean ere », azaldu du Labeidek.
Idoia Erasun da Gueraraorio elkarteko lehendakaria. «Elkartearentzat izen hori aukeratu dugu La Guerara delako Oriorekin anaituta dagoen Saharako herria; bi herrien izenekin hitz jokoa egin dugu», azaldu du. Elkarte berria bada ere, proiektu interesgarria dute esku artean. Izan ere, laupabost haur saharar ekarri nahi dituzte Oriora udan bi hilabete pasa ditzaten. «Urtez urte gutxituz joan da Saharako haurrak etxean hartzen dituzten familia kopurua Orion eta oro har Euskal Herrian; horregatik pentsatu genuen proiektuari buelta eman eta egitasmo berria abiatzea». Hala, Gueraraorioren asmoa zehatza da: «Alde batetik, astean zehar haurrak etxebizitza batean biziko liratezke begiraleekin, eta asteburuak harrera familien etxean pasako lituzkete. Gustatuko litzaiguke familia horiek seme-alabak izatea, Saharako haurren integrazioa errazagoa izan dadin», zehaztu dute.
Denentzat aberasgarria
Oriotarrentzat mendia, itsasoa, ibaia eta beste hainbat zerbitzu eskura izatea normala bada ere, Saharako haurrentzat «amets bat da». Bi hilabetez desertuko baldintza gogorretatik aterata, «indarrak berreskuratuko dituzte, eta izan ditzazketen gabeziak errekuperatuko dituzte», azaldu dute elkartetik. Horretarako, alde batetik Euskal Herrira etortzen direnean mediku azterketak egingo dizkiete. Bestetik, elikadura orekatua eskainiko diete, «ume horientzat oso garrantzitsua baita elikagai freskoak jatea, beren etxeetan ez baitute frutarik eta barazkirik jateko aukerarik».
Egonaldia Saharako haurrentzat onuragarria izateaz gain, bertako familientzat ere «oso aberasgarria» dela uste dute Gueraraorioko kideek. «Oriotarren artean kultur aniztasuna sustatzeko aukera polita da. Saharako haurrek hizkuntza, ohitura eta bizomodu desberdinak dituzte, eta familia horiek munduaren ikuspegia zabaldu dezakete Saharako haurrak etxean hartuta», iritzi dio Erasunek.
Herritarren laguntza
Gueraraorio elkartearen proiektua errealitate bihurtu dadin oriotarren laguntza ezinbestekoa da. «Udalarekin harremanetan jarri gara, eta hark utziko digu haurrentzat etxebizitza; hainbat saltokik ere beren laguntza eskaini digute, baina ez da nahikoa». Horregatik, oriotarrei ahal dutenarekin laguntzeko deia egin diete. Arropa, jostailuak, janaria nahiz eskola materiala, dena ongi-etorria izango da.
Gainera, haur horiek Euskal Herrira ekartzeko hegazkin bidaia ordaintzeko dirua ere behar dute. «700 euro inguruko kostua du hegazkin txartel bakoitzak, eta herritarren ekarpen solidarioa behar dugu. Jakin badakigu krisiaren ondorioz une zailak igarotzen ari direla hainbat familia, eta horregatik ez du axola zenbat ematen den, garrantzitsua bakoitzak ahal duena ematea baita: euro bat, bi, hamar edo hogei». Egitasmoarekin bat egin nahi dutenek La Caixako ES76 2100 7957 1201 0007 7639 kontu zenbakian egin dezakete beren ekarpena.