Urola Erdiko bailarako ostalariek topaketak egingo dituzte

Ane Olaizola 2014ko apirilaren 2a

Urkomek eta Iraurgi Berritzen-ek abian jarritako Urola Gustagarri egitasmoaren barruan, bailarako ostalaritza sektoreari zuzendutako topaketak egingo dituzte hurrengo asteartean, apirilaren 8an. Bertako produktuak eta ekoizleen lana ezagutzera emateko asmoz, ostalaritza sektoreko enpresak— jatetxeak, tabernak, hotelak...— elkartuko dira Azpeitiko Larrañaga hotel-jatetxean. Hain zuzen, topaketa honen bidez Urkaiko kooperatibak, Urola Kostako ganaduzaleen kooperatibak, eta ardi gazta elkarteek euren produktuak aurkeztuko dituzte. Bertaratzen direnek produktuak dastatzeko aukera ere izango dute. Apirilaren 8an, 18:00etan elkartuko dira, Larrañagan, eta bertan parte hartzeko ostirala baino lehen eman behar da izena, Iraurgi Lantzen-eko 943-851100 edo Urkomeko 943-816500 telefonoetan. Tokiko produktuak Eskualdeko ekoizleen eta jatetxeen jardunak bateratuta, bertako produktuak balorean jartzeko asmoz jarri zuten martxan joan zen hilean Urola Gustagarri egitasmoa, eta aisialdi eta turismo eskaintza desberdinak egingo dituzte; besteak beste, hilaren 27ra bitartean eskualdeko zenbait jatetxetan menu bereziak ari dira eskaintzen, arkumea eta arkumetik eratorritako produktuak oinarri izanda. Informazio osoa issuu.com/urolaturismo/docs/urola_gustagarri helbidean dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide