Aurtengo euskal demalari onenak ikusiko dira etzitik Azkoitiko probalekuan

Ane Olaizola 2014ko api. 2a, 05:40

Izeta Azkoitiko Udaberri Sarian (Ibon Errazu) Azkoitiko Jota Txikiu elkarteak antolatuta, 2014ko Udaberri idi dema saria jokatuko dute datozen egunetan Gurea probalekuan. Hamabi parte-hartzaile izango dira kintopeko probetan, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, maila ona ikusi ahal izango da. Izan ere, Euskal Herriko idi demak jokatu dituzte oraintsu Aian, eta hango lehenengo bost saridunak behintzat izango dira Azkoitian, tartean Lopategi Euskal Herriko irabazlea. Aiako demen atzetik, Euskal Herrian aurten jokatu dituzten bigarren kintopeko txapelketak izango dira herrian jokatuko direnak. Lau egunez izango dira probak; ostiralean, larunbatean, hurrengo astelehenean eta asteartean. Demalarien artean, gainera, eskualdeko ugari ikusi ahal izango dira probalekuan. Hala nola, Aiako izetatarrak, Izer-Etxetxo eta Isidro Erretegia azkoitiarrak eta Oliden oriotarra. Antolatzaileen arabera, Lopategi eta Altzubarren dira txapelketako faborito nagusiak. «Jendearen arabera, horietako bat izango da irabazlea», esan du Aitor Olarrea antolatzaileak. Olarrearen idi parea ere izango da Azkoitiko probalekuan, Isidro Erretegia izenarekin, eta baikor da lortu ditzakeen emaitzekiko: «Lehenengo bi postuak zailak ikusten ditut, baina hirugarren edo laugarren geratzeko esperantza badut», adierazi dio egunkari honi. Ezagunak dira Azkoitiko Udaberriko kintopekoak, eta ikusmina eragin ohi dute inguruko dema zaleen artean. Hala, aurten ere harrera ona izango dutela espero dute antolatzaileek. «Urtero jende asko etortzen da inguruko herrietatik, eta autengo maila ikusita, horien erantzuna mantentzea espero dugu». Ipintza harriari tiraka Ohi bezala, Azkoitiko Ipintza harria erabiliko dute Udaberriko idi deman, 1.600 kilokoa. Pisaketak 10:00etan egingo dituzte, Excavaciones Lagunak enpresaren pabilioian. Idiek 1.100 kilo baino gehiago pisatzen badituzte, kiloko kilo eta erdiko gainkarga ibili beharko dute. Sariei dagokienez, berriz, irabazleak manta, txapela eta 1.300 euro jasoko ditu. Bigarrenak eta hirugarrenak, 1.200 eta 1.100 euro lortuko dituzte. Ondorengoek ere diru saria izango dute; postuz postu ehun euro gutxiagoko aldea egongo da, eta azken hirurei 450 euro emango dizkiete. Udaberri idi dema saria Apirilak 4, ostirala. 22:00. Izeta sagardotegia, Altzubarren eta Izer-Etxetxo, Gurea probalekuan. Apirilak 5, larunbata. 22:00. Joxe Mari Iruretagoiena Izeta, Matxain, Illarreta, Gurea probalekuan. Apirilak 7, astelehena. 22:00. Erlete, Isidro Erretegia eta Patxi Illarreta, Gurea probalekuan. Apirilak 8, asteartea. 22:00. Iñaki Lopategi, Oliden eta Izeta, Azkoitiko Gurea probalekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide