Kaotiko taldea.
Kaotikoren punk doinuek hartuko dute larunbatean Azkoitia. «Gizarteak ezarritako ordena aztoratzeko prest» iritsiko da eskualdera Aguraingo musika taldea.
EH Calling beren zortzigarren diskoa dute eskuartean, abesti motz eta zuzenekin osatua. Kaotikok hasierako izaera ez duela galdu adierazi dute taldeko kideek. «Azken diskoa gainontzekoak baino dinamikoagoa da, eta doinu gogorragoekin esperimentatu dugu. Gure musika egiteko betiko modua gaur egungo joerekin uztartu dugu, eta disko paregabea atera zaigu».
EH Calling diskoari izena The Clash musika taldearen
London Calling diskoaren izenburutik datorkio. «The Clash beti izan da erreferentea guretzat eta beste musika talde askorentzat, baina kasu honetan izenburuan soilik egin diogu erreferentzia. Guk euskal gizarteari deia egin nahi izan diogu, Euskal Herria herri bat dela eta entzun egin behar zaigula aldarrikatu nahi izan dugu», azaldu du Xabi Aldaz Kaotiko taldeko bateria jotzaileak.
Abestien hitzei degokionez, 70eko eta 80eko hamarkadetako protesta abestiei keinua egin die Kaotikok. «Tristea da garai hartako hitzek gaur egunean ere zentzua izatea, gauza askok berdin jarraitzen dutela erakusten baitu horrek. Dirua eta boterea dutenentzat diseinatutako sistema batean murgilduta gaude», salatu du Aldazek. Musikariaren iritziz, sistema kapitalista honetan langilea «zapalduta» dago eta estatuak «banku lapurrak salbatzen ditu». «Sistema honek ez du herriaren hitza entzuten eta errespetatzen, are gutxiago euskal gizartearen ahotsa. Horregatik, hasieratik egin bezala, gizartea eta sistema kritikatzen jarraitzen dugu, eta aurrerantzean ere horretarako asmoa dugu, begi onez ikusten ez duguna salatu egin behar dugula uste baitugu».
Gizartea murgilduta dagoen krisi garaiak herritarren kontzientzia piztu duela uste dute Kaotikoko kideek. «Euskal Herrian dugun krisi politiko eta sozialak gure gurasoek aldarrikatzen zituzten leloak berriz ere egunerokora ekarri ditu». Alde horretatik, Kaotikoren abestiak harrera paregabea izaten ari direla nabaritu dute. «Oso gustura gaude, iaz eta aurten kontzertu asko ematen ari gara Euskal Herrian eta Espainian, eta entzuleen artean harrera oso ona izaten ari da gure azken diskoa. Herritarrak identifikatuta sentitzen direla uste dugu», azaldu du Xabi Aldazek.
Azkoitiko kontzertuaz galdetuta, larunbatean kontzertua emateko prest direla adierazi dute Kaotikoko kideek. «EH Calling diskoko eta aurreko diskoetako abestiak eskainiko ditugu. Saiatzen gara kontzertuetan Kaotikoren betiko abestiak jotzen. Jakin badakigu ezinezkoa dela abesti guztiak jotzea; horregatik, geuri eta entzuleei gustatzen zaizkigun abestiak eskainten ditugu. Beraz, betiko abestirik ez da faltako Azkoitian».