Alex Uranga (Arnaitz Rubio Aprea)
2011n ahoa bete hortz utzi zituen mundu osoko bodyboardzaleak Reunion Irletako munduko zirkuituko proba irabazi zuenean, sailkapen fasearen behealdetik hasi eta finaleraino, txandaz txanda, aurkari guztiak menpean hartuta. Ordura arte Alex Uranga (Zumaia, 1989) ez zuten ezagutzen. Orduz geroztik, leku bat lortu du munduko 16 onenen artean, eta aditu, aurkari eta jarraitzaileen miresmena eskuratu du. Hirugarren denboraldia du maila gorenean, eta onenekin lehiatzeko gai ikusten du bere burua. «Hasierako zalantzak gainditu ditut, erakutsi dut gai naizela goian egoteko eta hala jarraitzeko konfiantza daukat aurrera begira ere».
Lehiarako prest dago Uranga, baina lehiaketa bera ez dago unerik onenean. Iaz zirkuituko lau proba baino ez ziren jokatu –zortzi ziren guztira–, eta aurten kolokan egon da txapelketa osoa. Oraingoz, badirudi aurrera egiteko moduan daudela.
Iaz denboraldia oso ondo hasi zen zuretzat. Lehen lau probetako emaitzak aintzat hartuta, hamargarren postuan zinen. Baina, urtearen bigarren erdian, gauzak erabat aldrebestu ziren, ezustean.
Urtea hamar onenen artean amaitzea oso erronka polita zen niretzat. Bide onetik nindoan, zirkuitu erdia jokatuta, hamargarren postuan nengoen. Baina, urte amaierako probak bertan behera gelditu ziren, eta azken sailkapenean susto txiki bat izan nuen. Arauak dio lau probekin amaitzen bada zirkuitua hiru onenetako emaitzak hartuko direla kontuan. Hamalaugarren postura jaitsi nintzen. Top16aren barruan, hala ere.
Bestetik, zer gertatu da munduko zirkuituarekin halako gainbehera gertatzeko?
Diru arazoak. Azken finean, munduko zirkuitua erakunde pribatu batek antolatu du orain arte. Turbo markako nagusi Gregg Taylor australiarrak babesten eta zuzentzen zuen IBA erakundea. 2012an zirkuituak sekulako bultzada izan zuen; gorantz zihoan bodyboarda, baina 2013an Taylorrek erabaki zuen bere babesa kentzea, eta horrek zailtasun handiak ekarri ditu. Beste babesle batzuk ere joan egin dira; probak antolatzeko hautagaiak urritu egin dira. Krisia iritsi da bodyboardera.
Eta aurten gauzak nola daude?
IBAk esan zuen berak ez zuela txapelketa antolatuko. Zirkuitua kolokan egon da, baina bat egin dute IBAko zuzendaritzako zenbait kidek, langilek eta bodybordlarik, eta ABP elkartea sortu dute, zirkuitua bizirik mantentzeko. Helburua da urtea alferrik ez galtzea.
Zein da egoera orain?
Oraingoz Hawaiiko proba jokatu da. Aste asko egon gara berri gehiago jakin gabe, baina orain badirudi egutegia antolatu dutela. Hurrengo proba uztailean izango da, Brasilen; ondoren, abuztuan, bi proba izango dira Txilen, eta beste bat Mexikon; irailean Sintran (Portugal); eta azken txanpan, Panaman, Puerto Ricon eta Kanariar Uharteetan. Agian bat edo beste bertan behera gera daiteke, baina sei probako zirkuitua osatzeko gai bagara, urte polita osatuko da. Baina, bodyboardak bultzada bat behar du egiturak sendotu eta aurrera egiteko.
Zirkuitua krisiak jota dago, baina zu zeu sasoi bikainean zaude. Hawaiin bosgarren izan zinen, eta Nazareko nazioarteko proba irabazi berri duzu.
Hawaiin bosgarren izan nintzen eta gutxigatik ez nintzen finalera sartu. Han lortu dudan posturik onena da. Batzuek erabaki zuten ez joatea, zirkuitua airean zegoelako. Nik erabaki nuen arriskatzea eta joatea, batik bat konfiantza lortzeko emaitza on bat eskuratuta, indarberritzeko. Eta oso ondo atera zitzaidan. Eta, gero, Portugalgo garaipena etorri da. Oso berezia da hura.
Zerk egiten du berezi?
Nazareko olatua oso famatua egin da azken urteotan, munduko olatu handienak han surfeatu direlako. Gonbidapena jaso behar da parte hartu ahal izateko. Aurten eman didate aukera lehen aldiz. Portugalgo rider onenak eta nazioartekoak deitzen dituzte, muturreko baldintzetan lehiatzera: olatu oso handiak daudenean, korronte oso bizia dagoen hondartzan… Txapelketetan egoten ez diren baldintzak dira, eta oso indartsu egon behar du batek, bai fisikoki, bai mentalki. Burua hotz mantendu behar da, tentsioa kontrolatzen jakin. Ez da erraza.
Egun batetik bestera deitzen dute, gainera, ezta?
Bai, baldintza egokienen zain egoten dira. Bretainiako Anaelle Challengearen antzekoa da [2012an irabazi zuen hura; iaz bigarren izan zen]. Bi bidaia egin genituen Nazarera. Lehenengoan ez zen jokatu. Portugaldik bueltatu eta egun gutxira berriro deika nituen, joateko. Bigarrenean bai.
Eta egun bakarreko txapelketa da, hasi eta buka.
Guztira 24 parte-hartzaile agertu ginen. Egun osoko lana hartu zen kontuan azken sailkapena egiteko. Erregularrenak irabazi zuen. Metro eta erdiko olatuekin hasi ginen, baina segituan itsasoa altxa egin zen eta lau metroko olatuekin amaitu genuen. Azkenean, neu irabazle. Irabazteak beti ematen du energia berezi bat.
Olatu handietan baldin bada lehia, zuk abantaila txiki bat izan duzu aurten, aurtengo negua sekulakoa izan baita hemen…
Bai, ikaragarria. Guk inoiz ez bezala entrenatzeko aukera izan dugu, eta hori emaitzetan igerri da, noski.