Zurt Taberna ISB taldekoak.
Emakumeen Lehen Mailan ari da Zurt ISB, eta Lauko Finala gertu du. Igandean, Azpeitiko kiroldegian Gernikari 67-56 irabazi zion, denboraldiko 16. garaipena lortuz. Liga erregularra amaitzeko hiru jardunaldi gelditzen zaizkio, eta Lauko Finalean sartzeko aukera gero eta gertuago ikusten du. Orain, sailkapeneko laugarren postuan dago, bosgarren tokian dagoen Leioarekin berdinduta (azken talde honek, ordea, partida bat gutxiago dauka jokatuta), eta seigarren taldearekiko bi garaipeneko aldearekin.
Lauko Finala bigarren postutik bosgarren postura artekoek jokatuko dute. Beraz, taldekoen ustez, finala jokatzeko txartela lortzeko puntuan daude. "Baina, hala izateko azken txanpan sekula baino gehiago estutu beharra daukagu, horregatik igandean lortutako garaipenak garrantzia dauka".
Joseba Lizarralde azpeitiarrak entrenatzen duen taldeak datorren asteburuan Portugaleten jokatuko du. Bizkaitarrak bigarren itzuli bikaina egiten ari diren arren, Iraurgi SBko nesken taldekoak "ilusioz beteta" daude, eta garaipena lortzeko desiatzen.