Hainbat hitzaldi eskainiko dute Zarauzko Astronomia Astean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko apirilaren 1a

Urtero legez, Zarauzko Arkamurka Natur Taldeak Astronomia Astea antolatu du. Gaurtik, asteartea, hasi eta larunbata bitartean askotariko ekintzak izango dira espazio zabalaren inguruan. Zehazki, hiru hitzaldi emango dituzte adituek, eta larunbatean eguzki zein gau behaketa egingo dute. Hitzaldiak 20:45etik aurrera izango dira, elkarteko egoitzan. Billete a Marte (Martera txartela) hitzaldia eskainiko du Jose Juan Apeztegi Arkamurkako kideak gaur, Astronomia Asteko lehenbiziko ekitaldian. Mars One proiektuari buruz ariko da aditua. Horren helburua 2024rako  planeta horretan gizakien kokaleku bat sortzea da. Horren bideragarritasunaz ariko da. Ostegunean Big bang teoriaz, unibertsoaren sorreraren buruzko eredu fisikoaz jardungo du Iñigo Elorzak. Teoria hori unibertsoaren bilakaera azaltzeko «baliagarria» izan den arren, azken hogei urteetako aurkikuntzak kontuan hartuz gero, hori berrikusteko aukeraz ariko da Arkamurkako kidea. Ostiralean egingo dute azken hitzaldia. Atmosfera planetarioak izena du, eta eguzki sistemako gainontzeko planetetan egiten duen eguraldiaz hitz egingo du Itziar Garatek, EHUko doktoregaiak. Gau eta eguneko behaketak Larunbaterako, gainera, hitzordu bereziak antolatu dituzte, Ilatargi Deba garaiko astronomia taldearekin batera. Goizez, 12:00-14:00 bitartean eguzki behaketa egingo dute parte-hartzaileek. Eguzki erlojuak ere egongo dira ikusgai Esteban Estebanen eskutik. 21:00etan, berriz, gaua behatuko dute. Astronomia Astearen inguruko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek natur elkartearen bloga bisita dezakete arkamurkanaturtaldea.blogspot.com.es helbidean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide