IRITZIA: Orioko Correoseko zuzendariak udalari

Urola Kostako Hitza 2014ko martxoaren 31

IRITZIA. GUTUNA: Orioko Correoseko zuzendari Marilu Arruti (Orio). Orioko Correoseko zuzendari bezala, udalari eskerrak emateko beharra sentitzen dut. Oriotar gehienok jakingo duzue San Nikolas kalean dagoen Correoseko bulegoa eraberritu dela, baina ziurrenik jakingo ez duzuena ondorengoa da, lan horiek irauten zuten bitartean posta zerbitzua Zarauzko bulegora eramateko asmoa zegoela. Asmo horrek herriari kalte handiak ekarri behar zizkion. Zuzendari bezala ez zitzaidanez batere egokia iruditzen, alkatearekin eta zinegotzi batekin harremanetan jarri nintzen. Udalak zituen aukerak ikusi ondoren, posta zerbitzua emateko asmoarekin, Itxas Etxean daukan lokala utzi zigun, trukean ezer eskatu gabe. Ia bi hilabetez bertan eduki dugu bulegoa, Zarautzera joan behar izan gabe. Lerro hauen bitartez hau adierazi nahi dut: herriari eta posta zerbitzuko langileoi egin diguzuen mesedeagatik, eskerrak eman nahi dizkiot udalari eta bereziki Beñat Solaberrietari. Oso erraza egin zait berarekin harremanetan jartzea, eta hori eskertzekoa da. Eskerrik asko Itxas Etxeko zerbitzuen langileei eta erabiltzaileei, Eguneko Zentroari, Kofradiari, ile-apaindegiari eta Osakidetzari; eskerrik asko, gu bertan izateagatik beraien egunerokoa nahikoa aldrebesten genuelako eta, hala ere, inolako arazorik gabe moldatu direlako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide