Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udaleko Euskara Sailak Eskolaumeen XXVII. Literatura Lehiaketa antolatu du, eta dagoeneko lanak aurkezteko epea ireki dute; maiatzaren 9ra arte egongo da horretarako aukera. Zortzi maila hartuko ditu lehiaketak, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara, hain zuzen ere. Egitasmoaren helburua haur eta gazteen artean idazteko zaletasuna bultzatzea da. Horregatik, antolatzaileek nabarmendu dute parte-hartzea boluntarioa dela. «Irakasleek animatu egin behar dituzte haurrak parte hartzera, baina ez dituzte behartu behar», zehaztu dute.
Maila bakoitzak bi modalitate izango ditu: ipuina eta olerkia edo bertsoa, eta parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake modalitate bakoitzean. Lanek gehienez ordenagailuz idatzitako bost orrialdetako luzera eduki behar dute.
Lanak aurkezteko bidea
Lanak herriko bi ikastetxeetako zuzendaritzetan edo udaleko Euskara Sailean aurkeztu beharko dira. Horretarako, lanaren beste aldean izen-deiturak, adina eta ikastetxea eta ikasketa maila zehaztu beharko dira.
Orioko Udalak maila bakoitzeko bi ipuin eta bi olerki sarituko ditu, eta aukeratutako lanak argitaratu egingo dituzte. Bestelako saritxo bana ere jasoko dute.