Aurrekontua negoziatzen jarraitzeko asmoa dute Getariako Bilduk eta EAJk

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko apirilaren 1a

Udalaren 2014ko aurrekontu proposamenak autobus geltokia egokitzea jasotzen zuen, besteak beste.(Aiora Larrañaga/ Hitza) Getariako udalbatzak 2014ko udal aurrekontua eztabaidatu eta bozkatu zuen joan den astean udalbatzarrean, eta atzera bota zuten udalaren proposamena EAJ udal taldearen eta zinegotzi independentaren botoekin. Udal Gobernuko kide Aitor Irigoien harrituta dago bi alderdi horien ezezkoarekin, horren ondorioz 2013ko aurrekontua luzatu beharko delako: «Ez dut ikusten arrazoibiderik kontra bozkatzeko, abstenitzeko aukera bazegoen» argudiatu zuen. Ildo horretatik, Irigoienek azaldu du 2014ko aurrekontua ez onartzeak hainbat eragozpen sortuko dituela udalaren eguneroko martxan. «Aurrekontuan herritarrek proposatutako inbertsioak jasota genituen, eta aurrekontuak ez badira onartzen horiek banaka eraman beharko dira udalbatzarrera eta prozesu administratiboa luzatu egingo da». Gainera, udaleko langileei soldata igotzea edo zenbait langileren gehiegizko lan karga arintzea ere aurrikusi zuten 2014ko aurrekontuan. «Turismo Bulegoa urte osoan irekita izan nahi genuen, eta horretarako 60.000 euroko diru saila jasota genuen proposamenean». Oposizioaren arrazoiak EAJko bozeramaile Andoni Aristik ezezkoa bozkatzearen arrazoiak azaldu ditu: «Bilduk ezezkoa eman dio akordio partekatua lortzeko genuen jarrerari; beraiena inposatu nahi izan dute. Ez dute akordiora heltzeko gaitasunik izan». EAJtik gogoratu dute 2013ko aurrekontuak onartzeko Getariako udalbatza osatzen duten hiru udal taldeek hitzarmen bat sinatu zutela. «Bertan zehaztutako akordioa ez da bete, baina 2014ko aurrekontua negoziatzeko prest agertu ginen akordio hori berriz mahai gainean jarriz. Gu negoziaketak maiatzera arte luzatzeko prest geunden». Getaiko Independentea taldeko zinegotzi Aitor Bikuñak ere azken bi urteetako hitzarmenak gogoratu ditu aurtengo botoa arrazoitzerakoan. «Uste dugu gastu eta sarrera arrunten atalean lan txukuna egin dutela teknikariek eta udal gobernuak. Dena dela, inbertsioen atalean aurreko urteetan zer gertatu den ikusita, ez dugu konfidantzarik» azaldu zuen. Bilduko Udal Gobernuarentzat «oso garrantzitsua» da 2014ko aurrekontuak onartzea, eta horretarako lanean eta negoziatzen jarraitzeko prest agertu dira. Getariako alkate Nika Lertxundik azaldu duenez, «ezinbestekoa da aurrekontuak osatzea, bestela getariarrak izango baitira kaltetuak. Horregatik ahal dugun guztia egingo dugu datozen aste eta hilabeteetan». EAJk ere akordio zabalaren beharra aldarrikatu du kudeaketa egokia izateko. «Zinegotzi jeltzaleok horretarako prest gaude, baina ezinbestekoa iruditzen zaigu aurrekontuetan jasotzen diren akordioak eta proiektuak betetzea herriak behar eta merezi duelako».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide