Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urola Erdiko biztanleek eta udalek Partaidetzako Aurrekontuen prozesuan parte hartu zuten iaz. Prozesu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdeko herritarren esku utzitako 500.000 euroak erabiltzeko zazpi egitasmo lehenentsi zituzten. Egitasmo horiek aurten gauzatuko dira, eta herritarrek hala eskatuta, prozesuaren jarraipenean parte hartuko dute. Horretarako jarraipen batzordeak osatu dira, eta egitasmo horietako batzuk nola gauzatuko diren erabakitzeko lehen bilerak lotuta daude.
Horietako bi aste honetan egingo dituzte Azpeitian. Lehena bihar, asteazkena, izango da, eskualdeko historia berreskuratu eta balioan jartzeko plangintzaren inguruan. Bestea etzi, osteguna, egingo dute, eta oroimen historikoa lantzeko egitasmoaren ingurukoa izango da. Biak Azpeitiko udaletxeko pleno aretoan egingo dira, 18:00etatik aurrera.