Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Giorgio Bassmatti bidelagun hartuta, bigarren lana kaleratu du Yon Bidaurrek. Basmatti & Vidaur izen artistikoaren aurpegietako bat da, eta beren burua bikote donostiar modura aurkezten dute, nahiz eta Bidaur Zarautzen bizi den duela laupabost urtetik. 2010ean, Aproposito estreinako diskoa atera zuten, Birra y Perdiz zigiluarekin, eta, orain, lau urte geroago, Melodias concertantes-ek ikusi du argia Madrilgo (Espainia) Jabalina diskoetxearekin.
«Bassmattik abesti pila bat zituen eginak, eta elkarrekin grabatzeko proposatu zidan. Horrela sortu zen gure lehen lana. Harrezkero, zenbait kontzertu eskaini dugu, baina beste proiektu batzuetan ere murgilduta ibili gara. Beraz, ez gara denbora tarte horretan bigarren lan hau lantzen eta grabatzen aritu bakarrik». Bi urtez bakoitza bere aldetik ibili ondoren, disko berri bat egitea erabaki zuten.
Izenburua jartzerakoan, buelta asko eman diotela azaldu du Bidaurrek. «Ez da erraza izan. Nigatik izango balitz, diskoek ez lukete izenbururik eramango». Sinfonia kontzertatua forma musikal bat da; hau da, kontzertuaren eta sinfoniaren arteko uztarketa. «Sinfoniaren ordez melodia jarri diogu, handiustetasuna saihesteko».
Disko uniformeagoa
Izenburuak, gainera, asko dio disko berriaz. Hain zuzen ere, harizko musika tresna ugari dituzte abestiek, orkestra kutsuko arreglo dezente oro har. «Hori litzateke aurreko lanetik hona dagoen berrikuntza nabarmenena. Lehen diskoa abestien erakusgai bat bezalakoa zen, beren artean oso bestelakoak eta hainbat estilotakoak. Oraingo honetan, disko bateratuago bat lantzen saiatu gara, hari bat jarraituz, eta uniformeagoa letrari eta musikari dagokionez». Alde horretatik, bigarren diskoa «askoz ere konplexuagoa» dela uste du.
Bassmatti & Vidaur bikotearen melodiak malenkoniotsuak dira, baina izaera baikorra dute. «Bassmattik abestiak eginda ekartzen ditu, eta ni, nolabait esateko, gainerako guztiaz arduratzen naiz; hau da, abestiak musikalki janzteaz. Egun batez abesti sorta zabala jo zidan, eta horietatik nolabaiteko lerro bat jarraitzen zutenak aukeratu genituen, diskoari koherentzia bat emateko. Kasualitatez edo, diskorako aukeratutako abestiek optimismo giroa igortzen zutela konturatu ginen».
Abestiek izaera erromantikoa dute, eta maitasunaz dihardute, betiere egunerokotasunaren testuingurutik begiratuta. Normaltasun osoz tratatuta, alegia. «Bassmattik berak egin ditu letra guztiak, eta Londresera egindako bidaia bat izan du oinarri. Ez dira orduko bizipenak, baizik eta egonaldi horretan jaso zituen sentipenetatik abiatuta eginikoak». Indiepop joerako zazpi abestik osatzen dute diskoa, eta 10 hazbeteko biniloan bakarrik merkaturatu dute. Edonola ere, formatu digitalean eskuratzeko aukera ere jarri dute sarean. Biniloa erosten dutenek, gainera, disko barruan bertsio digitala doan deskargatzeko kode bat bereganatuko dute.
2011 eta 2013 urteen artean grabatu zuten, Yon Bidaurren beraren gidaritzapean, honek Martutenen duen Muir estudioan. «Tartean, urtebeteko etenaldia egin genuen, beste talde batzuk grabatzen aritu naizelako. Beraz, ez gara bi urte horretan bakarrik aritu». Urtarrilean masterizatu zuten Arturo Vaqueroren eskutik, Abrigueiro estudioan.
Zuzenekoetan ere bikote
Diskoan musika tresna askoren presentzia badago ere, oholtza gainera bi lagun baino ez dira igotzen. «Bikotea gara, eta ez dugu talderik ondoan. Disko honekin are zailagoa da, ezin baitugu kontatu diskoan erabili dugun tresna adina musikarirekin. Ezinezkoa zaigu. Kontzertuetan biok gitarra jotzen dugu, eta Bassmattik abesten duen bitartean, nik koruak egiten ditut. Gainerako guztia aurrez grabatuta eramaten dugu».
Apirilaren 26an hasiko dira Melodias concertantes diskoaren zuzeneko aurkezpenekin, eta estreinaldia Madrilgo El Sol aretoan izango da, Parade bakarlariarekin batera. Maiatzean Donostian jotzekotan dira, baita Bilbon eta Santanderren ere.
«Ez dut uste kontzertu asko joko ditugunik», adierazi du musikariak. «Ezagutzera eman nahi dugu geure burua, baina inolako asmo handirik gabe. Ez dugu helburu hori lortzeko sekulako apusturik egin. Ongi ateraz gero, ongi etorria izango da. Zorionez, eskarmentu handiko zigilu baten babesa dugu, eta hori oso garrantzitsua da taldearen lana promozionatzeko orduan».