Hirugarren urtea du Alex Urangak (1989, Zumaia) munduko bodyboard zirkuituan. Dagoeneko bere lekua egin du onenen artean, izena lortu du aurkari, antolatzaile eta jarratzaileen artean, eta bere burua sendo ikusten du: “Onenekin parez pare lehiatzeko gai naizela erakutsi dut, eta aurretik bide luze bat daukat egiteko”. Baina kezkarik ere ez zaio falta, krisiak gogor kolpatu baitu bodyboarda. Iaz zortzi probatik lau bakarrik jokatu ziren eta aurten airean egon da zirkuitua oso berandu arte. “Kirol honek beste bultzada bat behar du, egiturak sendotu behar dira”. Denboraldia ez da batere gaizki hasi Alexentzat. Hawaiiko proban bosgarren amaitu zuen –inoiz han lortu duen emaitzarik onena–, eta Portugalen Nazareko nazioarteko txapelketa irabazi berri du, munduko zirkuituan aurkari izan ohi dituen goi mailako zenbait rider –Pierre Louis Costes tartean– mendean hartuz. “Alde horretatik pozik nago, gustura. Hawaiira joan nintzen konfiantza bila. Zalantza asko zeuden zirkuituaren inguruan, baina nik erabaki nuen joatea, emaitza on batekin indarra hartzeko. Gero, Portugalgo garaipenak poz handia eman dit. Postu onak lortu nituen iaz, baina irabazi gabe nengoen 2012tik –Bretainiako proba bat–, eta irabazteak beti ematen dizu beste energia bat”. Edozeinekin lehiatzeko prest dago, beraz. Bodyboarda, ordea, ez dago bere unerik gozoenean. 2012a urte bikaina izan zen, IBAk antolatutako munduko zirkuituak [...]