Erabakitzeko eskubidearen aldarriak bete egin zuen Soreasu

Olatz Prat 2014ko martxoaren 30a

Goraino bete zen atzo, larunbata, Azpeitiko Soreasu antzokia, herriko Gure Esku Dago mugimenduak antolatutako ekitaldian. Herriko kultur talde eta norbanakoek musikaz eta dantzaz jantzi zuten saioa, eta une oro presente egon ziren, Euskal Herriak bezala, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten gainerako nazioak ere, Katalunia eta Eskozia kasu. "Eskubidea dugu, eta eskua da bidea" zioen Xabier Gantzarainek irakurritako olerkiak, Ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza-kate erraldoian parte hartzeko gonbitea eginez. Giza kate horren Azpeitiko katebegia osatu zuten ekitaldiaren amaieran, Azpeitiko Gure Esku Dagoren bideoklipean parte hartu dutenek eta ekitaldian bertan parte hartu zutenek, Azkoitiko eta Zestoako mugimenduetako ordezkariak, esaterako. Saioa bukatutakoan Ekainaren 8ko Giza-katerako metroak erosteko aukera ere izan zuten herritarrek.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide