Energia aurrezteko asmoak eta orain arteko lorpenak aurkeztu ditu Azpeitiko Udalak

Olatz Prat 2014ko martxoaren 28a

Lizarralde, Zeziaga eta Etxeberria Udalak energia aurrezteko orain arte hartutako neurriak eta etorkizunerako dituen asmoak aurkeztu ditu. Azpeitia 2025 Plan Estrategikoari jarraiki, eraginkortasun energetikoa lortzea, kontsumoa murriztea eta energia berriztagarriak ezartzea dira Udalaren energia planaren ardatzak. Era berean, plangintza honek iazko ekainean Europako Alkateen Ituna onartzearekin hartutako konpromisoei jarraitzen die, udalak herritarrentzat eredu izatea proposatzen duen itunarekin, hain zuzen. Eneko Etxeberria alkatearekin batera, Alfon Lizarralde Udaleko Hirigintza saileko teknikaria eta Izaskun Zeziaga Ingurumen teknikariak aurkeztu zuten energia plangintza. Udalak azaldu duenez, azken urteetan energia kontsumoa sistematikoki kontrolatzen da eta horrek kontsumo handiena duten eremuak zeintzuk diren ezagutzea ahalbidetzen du. 2013ko datuen arabera, esaterako, argiteria publikoetakoa eta semaforoetakoa da erabiltzen den argindarraren %53, %20 kirol instalazioetan, %20 udal eraikinetan, %6 ikastetxeetan eta %1 beste erabilera batzuetan. Beraz, argiteria publikoaren kontsumoa jaistea da Udalak duen erronketako bat. Bestetik, gas kontsumoaren datuek agerian utzi dute kirol instalazioek kontsumitzen dutela gehien, % 71ko portzentaiarekin. Horien artean igerilekuak kontsumitzen du gas gehien eta hori da, hain zuzen ere, beste erronka nagusi bat, igerilekuaren energia kontsumoa murriztea. Udal eraikinek gasaren %17 kontsumitzen dute eta ikastetxeek %12. Edozein modutan, 2012tik 2013ra bitartean, argiteria publikoan kontsumitutako kWh kopurua %7 jaitsi da eta argindarraren guztizko kontsumoa %3,6 jaistea lortu da. Gasaren kasuan, igo egin da kontsumo maila. Murrizketarako neurriak Lizarraldek azaldu duenez, argiteria publikoan kontsumoa murrizteko hainbat neurri hartu ditu Udalak. Alde batetik, argindarraren fluxu erregulatzaileak ezarri dira. Modu horretan, gauetan, jendea lo dagoenean, argiaren intentsitatea jaisten da, argiak itzali gabe. «Argia modu uniformean, pixkanaka jaisten da, nabaritu ere egiten ez dela eta, modu horretan, kontsumoa %45ean jaistea lortzen da. Gaur egun argiteriaren 40 kontrol koadroek dute sistema hau ezarrita. Bestetik, argiteri-koadroak eta fluxu erregulatzaileak kontrolatzeko telegestio sistema ezarriko da. Modu honetan, argia behar den orduetara ahalik eta gehien egokitzeko tresna informatikoa dute. Webgune batetik ezar ditzakete koadro bakoitzaren parametro elektrikoak eta, era berean, kontsumo, aurrezpenak eta grafikoak ikus ditzakete. Edozein matxura edo alarmaren berri ere modu automatikoan iristen zaie. Horrez gain, instalatutako lanparen potentzia jaistea ere nahi dute. Horretarako, gehiegi argiztatutako eremuetan lanpara txikiagoak jarriko dituzte eta zaharkitutako farolak eta argia alferrik galtzen dutenak (argia zerurantz bideratzen dutenak, esaterako, aldatu egingo dira. Atal honetan LED teknologia ezartzea aurreikusten dute, baina, errendimendu handiagoa ematen duten arren, garestiagoak dira eta pixkanaka ordezkatuko dira argiak. Ordezkapen hauetarako 40.000 euroko inbertsioa egingo da urtero eta %60 Agenda 21, EVE eta Industria sailetik lortutako diruz finantzatuko da. Neurri hauek hartuta, gainera, urtean 45.500 euro aurreztuko dira. Fluxu erregulatzaileekin, azken bi urtetan 971.410 kWh aurreztea lortu da bataz-beste, argiterian kontsumitzen den kopuruaren %34 da kopuru hori. Etorkizunerako erronkak Azpeitia 2025 Plan Estrategikoari jarraituz, 2025erako energiaren kontsumoa erdira jaistea nahi dute eta “posible dela” azpimarratu dute. Etorkizunean, martxan jarritako neurri horiei eustea da asmoa, hau da, potentia murrizten jarraitzea, gaueko orduetan fluxua erregulatzea eta LED teknologia ezartzea. Gainera, kanpoko enpresa baten auditoria energetikoa egingo da, “oker dauden neurriak zuzendu eta etorkizuna modu egokiagoan planifikatzeko”. Zenbait eraikinetan egina dute auditoria hori eta detektatutako okerrak zuzentzeko proposamenak ere badira. “Inbertsio handia eskatzen dutenez, lehentasunak ezarriko ditugu hutsune horiek betetzeko”, adierazi dute. Datuek erakutsi dute, Azpeitiko eraikin publikoetan gehien kontsumitzen duena igerilekua dela, “eta urtetik urtera igotzen doa, gainera”. Arduradunek adierazi dutenez, “azterketa desberdinak egiten ari gara alde batetik energia berriztagarriak ezartzeko eta, bestetik, energiaren kontsumoa murrizteko”. Azken honetarako, “herritarren kontzientziazioa beharrezkoa” dela nabarmendu dute, izan ere “badira zuzendu beharreko erabilpen ohitura batzuk: igerilekura dutxatzera soilik joaten diren pertsonak daude, edota bizarra egiten dutenak, etxean egin beharko liratekeenak, alegia. Gainera, gaztetxoek batez ere, dutxa oso luzeak hartzen dituzte eta horrek guztiak gastua dakar”, azaldu du Zeziagak. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak bukatu berri du Energiaren Plana eta laster eskualdeka aurkezten hasiko da, eta horretarako osatu duen Energiaren mahaian parte hartuko du Udalak. Gainera, Foru Aldundiak Urola Erdian garatu duen aurrekontu parte-hartzailearen prozesuan, 60.000 euroko aurrekontua ezarri da Subiranotasun Energetikoaren inguruko azterlana egiteko. 1sinadura@berria.info  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide