Espainiaren esku utzi dituzte Zarauzko zenbait lur, biotopoko pasabidea egiteko

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko martxoaren 28a

Biotopoko oinezkoen pasabidea eraiki ahal izateko, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzaren esku utzi ditu Zarauzko Udalak gune horretako zenbait lur. Zehazki, lau partzela utzi dizkio udalak: bat Narros familiaren jabetzakoa da, bestea Zarauzko Udalarena eta beste bi Zarauzko Golfak ustiatzen ditu egun bere jardueretarako. Herenegungo udalbatzarrean aho batez onartu zuten hori, ministerio horrek proiektua gauza dezan. Horrekin batera, proiektua bera ere onartu zuten alderdi guztiek. 2012an idatzitako proiektuan hainbat aldaketa egin behar izan dute azken itsasaldiak biotopoan eragindako kalteen ondorioz. Aldaketa horiek eginda, Kosta Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzak, aldundiak eta udalak onartu egin dute. Horiez gain, Narros familiak eta Golfak ere oniritzia eman behar dute lanekin hasi ahal izateko. Ildo horretatik, aldundiak eta udalak zenbait bilera egin dituzte bi aldeekin, eta aurreakordioetara iritsi dira, udalak esan duenez. Orain horiek sinatzea falta da. Golfeko batzordea gaur bilduko da behin betiko onartzeko. Behin alde guztiek akordioak sinatzean obrekin hasi ahalko dute. Kosta Zuzendaritzak 1,6 milioi euroko aurrekontua gorde du proiektu hori aurrera eramateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide