Korapiloak askatzeko ordua

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko martxoaren 28a

_Jarri Izarren hautsa abestia bideoan, jarri Izarren hautsa. Duela berrogei urte egindako testua da hori, zoragarria, eta gaur egun ere izugarrizko balioa du. Eta Mikel Laboaren bertsioa jartzen baduzu, are hobeto», dio Ros Gonzalezek (Zarautz, 1947). Jose Angel Mutiozabal Txabillo-k (Zarautz, 1962) ere askotan abestu izan du kantu hori Gabon Zahar Egunean, beste zenbait iheslarirekin batera Urruñako elkarte batean.  Azken 27 urtean, ordea, abesti hori Hego Euskal Herrian kantatzeko aukerarik ez du izan. Urola Kostako iheslari ohiak dira Gonzalez eta Mutiozabal, eta baita Kontxi Lopetegi (Zestoa, 1968) eta Mila Mitxelena (Zarautz, 1942) ere. Hendaian elkartu da UROLA KOSTAKO HITZA lauekin, hondartzan. Hondarribia dute begibistan, eta euren eta udalerri horren artean Bidasoa ibaia, gurutzatu ezin duten muga. Hausnarketa egitera bultzatu ditu horrek. «Bide berri bat ireki zaigu, eta bide horri ekiteko prest gaude», azaldu du Lopetegik. Aurrerapausoak emateko garaia da haren esanetan. Urte luzeak daramatzate erbestean, euren jaioterrira ezin itzulirik. «Hasiera batean, ihes egin genuenean, pentsatzen genuen urte pare batean dena konponduko zela. Ordutik urte asko eta asko pasatu dira», aitortu du Txabillok. Pasa den ekainaren 15ean Miarritzen aurkeztutako bide orriari jarraituz, EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak urrats bat harago eman du gatazka politikoaren konponbidean esku hartu nahian: sorterrira itzultzeko hautua egin dute, eta askok dagoeneko ekin diote bide horri. Itzulera hori progresiboa izango da, mailakatua, iheslarien soslaiak ere askotarikoak direlako. Kasu batzuetan, gainera, iheslaria ez da bueltatuko jaioterrira. Itzulera hori sinbolikoa izango da. Iheslari izaerarekin bukatzea baita azken erabaki horren helburua, eta aurrerantzean inork gehiagok ihes egiteko beharrik ez sentitzea, «azken iheslaria etxean ikusi arte». Gonzalezek, Lopetegik, Mitxelenak eta Mutiozabalek «ilusioz» eta «itxaropentsu» bizi dute momentua, baina baita «urduritasunez» ere. Txanpon beraren bi aldeak dira, Lopetegik adierazi duenez. «Gogorra da egoera, baina aurre egingo diogu. Hona ekarri gintuen arrazoiak ez baitira oraindik aldatu», aitortu du Gonzalezek. Pausoak emanez, bidea Urratsak eman nahi dituzte, baina horiek «aldebakarrekoak» izaten ari direla salatu dute. Hori horrela, aurrea hartzea, hori da geratu zaien aukera bakarra: «Beraiek [Espainiako eta Frantziako estatuak] ez dira esertzeko eta hitz egiteko gai, eta horren aurrean urratsa guk geuk ematea erabaki dugu». Gonzalezek borobildu du esaldia: «Pausoak emanez bultzatuko ditugu haiek ere aurrerapausoak ematera». Hain zuzen, pausoak emanez egiten baita «bidea». Gonzalez eta Mitxelena zarauztarrek elkarrekin ekin zioten ihesari 1981. urtean, garai hartako errepresio egoeragatik. «Testuingurua larria zen», bat etorri dira biak. Iparraldean finkatu ziren orduan, eta urte luzetan askotariko egoerak bizi izan dituzte. Egun egoera normalizatuan bizi badira ere, egon dira paperik gabe, egon dira ezkutuan.... Finean, beste hainbat bezala. «Kontuan izan behar da guztira hirurehun iheslari inguru garela, eta gatazka politikoaren ondorioz mundu osoan zehar gaudela sakabanatuta», ohartarazi du Gonzalezek. Horren adibide da Txabillo. Zarauztarrak 1987an egin zuen ihes, eta Venezuelara jo zuen. Bertan igaro ditu 23 urte, duela lau urte Urruñara lekualdatu zen arte. «Hasieran gogorra da zure herria utzi eta herrialde berri batera joatea, bestelako kultura bat duen herri batera». Gerora, urteen poderioz «moldatzen» jakin izan zuen Mutiozabalek, eta bere ingurunea ere sortu zuen herrialde horretan. «Beti aurkitzen da norberaren ingurunea, euskaltzalea. Kasu horretan, euskal etxeen inguruan biltzen ginen». Venezuelan baziren hiruzpalau garai hartan, eta Euskal Diasporako jendearekin ere harremanetan zegoen Txabillo. «Iheslariak antolatuta geunden han. Kolektiboa beranduago sortu bazen ere, beti bizi izan gara talde gisa». Besteak beste, lan baldintzak guztien artean antolatzeko, ihesean iristen zenari babesa emateko eta elkar babesteko. «Eta faltan duzun horren bila», zehaztu du Lopetegik. Zestoarrak 1991n egin zuen alde jaioterritik. Fleury-Merogisen egon zen lau urtez, eta gero Ziburura joan zen bizitzera. «Hasiera batean gogoratzen zara data garrantzitsuekin, herriko festekin... Pentsatzen jartzen zara zertan ariko diren zure lagunak, senideak eta ingurukoak. Etengabe oroitzen zara horretaz». Urteak pasatu ahala, ordea, egoera berrietara egokitzen ikasten dela dio zestoarrak, «bestela krak egin dezakezu». «Beti ateratzen da zerbait ona gauza txarretatik». Egun ere Ziburun bizi da bere senarrarekin eta seme-alabekin, «nahiko egoera normalizatuan». «Laurok herrira noiz itzuliko garen galdetzen digute askotan seme-alabek, eta nik espetxeratzeko beldurra eta guardia zibila aipatzen dizkiet, besteak beste. Askotan eurak babestearren ez dizkiegu arrazoizko azalpenak ematen seme-alabei». Haiek amaren herrira joaten direnean, bere zati bat eurekin eramaten dutela dio Lopetegik. Izan ere, neurri batean ala bestean, beti amestu dute sorterriarekin. Nahiz eta kanpoan egon, «bihotza eta burua beti Euskal Herrian» izan dituzte. «Hori beti». Ez zuten «sekula» pentsatuko, ordea, «hainbeste denbora itxaron» beharko zutenik iheslari izaera galtzeko.. Mitxelenarentzat amaitu da aro hori. Zarautzen bizi da dagoeneko. Pasatu da «beste aldera». Hala ere, etxean «arrotz» sentitzen da. 33 urte igaro ditu ihesean, «bizitza erdia». Jaioterrira itzulita, «arraro» sentitzen da: «Ez dut jendea ezagutzen eta ezta herria bera ere. Kaleetan zehar nabilenean askotan galdetu egin behar izaten dut leku jakin batera nola edo nondik heldu. Jendearekin ere hala gertatzen zait; nor den galdetu behar izaten diot agurtzen nauenari askotan. Gogorra da hori, lotsa pasatzen dut». Bere herria Iparraldean dagoela dio. «Tristea da, baina ni hona itzultzean sentitzen naiz etxean». Guztien korapiloak askatu «Denok askatu behar ditugu korapiloak, eta zubiak eraiki, desegin beharrean». Lopetegiren arabera, «zauria sendatzeko gorrotoa ez da bidea». Zentzu horretan, «nahiko umil» agertu direla uste du, «inongo larderiarik gabe». «Ikusten da etsaia konponbidean baino gorrotoan oinarritzen dela», salatu du Txabillok. Hori ez da aterabidea, ordea. «Onartu behar dugu gauzak gaizki egin direla, baina guztiok egin ditugu gauzak gaizki. Ez guk bakarrik. Min asko eragin da». Hori aitortzeko prest daude iheslari ohiak, eta hala jaso dute ekainaren 15ean egindako adierazpenean ere. «Konponbidearen zentzuan ari gara urratsak ematen», gaineratu du Venezuelan bizi izan den zarauztarrak. Herritik kanpo bizi izan diren urte luzeetan «une itxaropentsuak» bizi izan dituztela oroitu du Lopetegik, baina askotan «zapuztu» egin zaizkiela esperantza horiek. Orain «ilusio» garaia da berriz ere, eta aurrera egiteko kemena dute. «Arazoa oraindik ere hor» baldin badago ere, helburua lortzeko bideari ekiteko prest daude. «Ate berriak ireki, antolatu eta jarraituko dugu pausoak ematen konponbide horren bila», azaldu du Txabillok: «Aurrera jo behar dugu». Gainontzekoak gogoan Bide horretan, ez dituzte gainontzeko iheslariak ahaztu. «Jende asko geratu da bidean», haien esanetan. «Gu baino egoera okerragoan», zehaztu du Mitxelenak. «Ezin dugu irudikatu ere egin zenbat pertsona dauden ezkutatuta, atzerrian, kartzelan... Eta hori behin eta berriz gogoratu behar dugu; horiengatik ere egin behar dugu aurrera». Horiei ere «bidea prestatu» behar zaiela diote, eta irtenbide bat eman, «irtenbide duin bat». Betiere, besteen sufrimendua gutxietsi gabe. «Azken finean, denok sufritu dugu, alde batekoek eta bestekoek», dio zestoarrak: «Inor ez da sufrimenduaren labeldun. Geure haurrei eskaini behar diegu etorkizun hobeago bat». Zentzu horretan, gizarteak emandako erantzuna eskertu dute, eta herritarrengan sumatu dute itxaropen hori. Herritarrak aktibo bihurtzearen garrantzia aipatu du Gonzalezek, eta «burmuina estutu eta ideia berriak pentsatu» behar direla esan du, «jende berria erakarri». Horiek «gogoz eta pozik» egingo dute lan haren arabera, prozesuan aurrera egiteko. «Niretzat herria da hauspoa eta, hausporik gabe, ez dago borrokarik». Lopetegik eta Gonzalezek Hego Euskal Herritik jarraituko dute pausoak ematen, eta baita Bruselan bizi den Xabier Makazagak ere (Zarautz, 1958); Txabillok herrira itzultzeko bidea egingo du, Mitxelenak duela hilabete batzuk egin bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide