Maitena Monroyk emango du autodefentsako ikastaroa.
Maitena Monroyk (Bilbo, 1972) autodefentsa feministako ikastaro bat eskainiko du bihar Azkoitian; bi saio izango dira, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era. Izena Azkoitiko udaletxeko Berdintasun Sailean eta Elkarguneko Gazte Informazio Bulegoan eman daiteke.
Zer helburu du ikastaroak?
Indarkeria matxistaren ikuspegi orokorra emango dugu, hori saihestu eta errotik kendu ahal izateko baliabideak eta tresnak izan ditzagun. Indarkeria matxistaren oinarrian generoen artean ematen den desberdintasuna dago, beraz, ikastaro honetan motibazioa ere lantzen dugu, fenomeno hau errotik ezabatzeko.
Zer forma izango du ikastaroak?
Zati bat teorikoa izango da. Indarkeria mota guztiak aztertuko ditugu, sinbolikotik hasita. Indarkeria mota honetaz gutxi hitz egiten da, baina oso garrantzitsua da. Generoen arteko desberditasuna nola barneratzen dugun jorratuko dugu; ekoizpen kulturaletatik eta gizarteko mezuetatik jasotzen dugu hori.
Zehatzago kontatzerik bai hori?
Munduko emakume guztiok umetatik mezu berak jasotzen ditugu; kontuz zer egiten duzun, kontuz norekin zoazen... Mezuak helarazten dizkigute, baina ez dakigu mehatxu hori nondik, zenengandik eta noiz etorriko den. Egoeraren arduradun egiten gaituzte, gainera. Sozializazioaren prozesuak eta afektibitatearen espazioak izaki ahulak garela gogorazten digute. Baina ez gara hala; gizarteak berak uzten ditu pertsona jakin batzuk ahultasun horretan.
Nola saihestu daiteke egoera hori?
Generoen arteko estereotipoak eta emakumeen balizko derrigorrezko portaerak apurtuz nahiz maitasun erromantikoaren gaia landuz. Estereotipo asko daude maitasun erromantikoaren inguruan:
Titanic,
Pretty woman,
Crepúsculo... bezalako filmekin eta printze-printzesen ipuinekin hazi gara. Ez dugu eredu zaharrekin hautsi, eta horrek desberdintasunean oinarritutako harremanetara eramaten gaitu; gizonezkoak salbatzaileak dira, eta emakumeak maitasun emaileak. Horrekin hausten ez bada, erasoak ez ditugu aise saihestuko gizartean.
Erasoei, berriz, nola egin daiteke aurre?
Askotan indarkeria eraso fisikoarekin lotzen dugu, baina eraso psikikoa sarriago gertatzen da. Harremana, edo emakumea bera kontrolatzeko ahalegina da horren adibide, baita sexu harremana ere. Oro har, eraso eta xantaiaren bidez beldurtzen dituzte emakumeak, eta gero indarkeria fisikora pasatzen dira. Erasotzailearen helburua ez da indarkeria erabiltzea, kontrola edukitzea baizik. Beraz, lehenengo pausoa da norbera arrisku egoeran egon al daitekeen identifikatzea. Esaterako, ohiko tratu txarren kasuetan, beldurraren sentsazioa gakoa izaten da: beldurra ematen dit nire bikotea haserretzeak. Alertak pizteko giltzarria da hori sentitzea. Intentsitate baxuko indarkeria deritzona ere identifikatzea garrantzitsua da; bere jarrerak deseroso, inbadituak edo gaizki sentiarazi gaitzake, eta horiei nola erantzun jakitea garrantzitsua da. Gure eskubidea da. Errespetua; hori eskatzen dugu.
Hori guztia landuko duzue saioan?
Hori da. Saio teorikoaz gain, indarkeriazko egoera jakin batzuk planteatuko ditugu, eta horiei nola egin aurre erakutsiko dut. Ezer baino lehen, oso garrantzitsua da jakitea emakumeoi boterea nola murrizten diguten generoak eta maitasun erromantiko idealizatuak.