Zumaian bi edukiontzitako hondakinak aztertu dituzte. (Egilea: Urola Kostako Udal Elkartea)
Gaur goizean Urola Kostako Udal Elkarteko teknikariek Zumaiako bi errefuxa edukiontzi zoriz aukeratu eta bertako hondakinak aztertu dituzte, ondoren sailkatu eta multzo bakoitza pisatu egin dute. Udal elkartetik jakinarazi dute jaso diren 199 kilotatik 129 kilo, %64,82a beste edukiontzi batzuetara bota beharko litzatekeela. "Jakin badakigu datuak ezin direla Zumaia edo eskualdera estrapolatu, bi edukiontzi soilik neurtu direlako", baina emaitza adierazgarria da.
Egitasmoa Urola Kostako Udal Elkarteak eta Zumaiako Udalak 2014rako abiatu duten konposta planaren baitan antolatu dute. Planaren helburua, konposta erabiltzaile berriak lortzea da. "Alde batetik, etxean konposta egiteko aukera dutenak konposta egitera animatu nahi ditugu; bestetik, auzoan konposta egiteko ekimena indartu nahi dugu" azaldu dute udal elkartetik.