Zestoan hondakinen bilketa sistema berria: adostasunez eta udarako martxan

Ane Olaizola 2014ko martxoaren 27a

Ruben Alberdi Zestoako jarduneko alkatea (Bildu) eta Josetxo Mendizabal zinegotzia (EAJ) gaur. (Ane Olaizola/ HItza) Hondakin bilketa sistema berria adostu dute Zestoan Bilduk eta EAJk. Batetik, sistema komunitarioa oraingo ereduarekin tartekatuko dute, eta landa eremuetan Ekarpen Guneen bidez jasoko dituzte hondakinak, hau da, toki finko batean utzi beharko dira. Bi kasuetan ere %70eko birziklatze tasetara irits daitezen. Sistema berria udarako martxan jartzeko asmoa dute. Gaikako bilketa komunitarioa egingo dute herrigunean, Arroa Behean eta Iraetan. Organikoa, ontzi arinak eta errefusa etxepeka jasoko dituzte, eta gainontzeko frakzioak—beira, papera eta kartoia, olioa, arropa, pilak eta hondakin arriskutsuak— biltzeko egungo sistemarekin jarraituko dute; hau da, edukiontziekin. Egutegi eta ordutegi zehatza izango dute bilketa komunitariorako. Bilketa ordua hasten denerako biltzaileek ontziak jarri egingo dituzte, eta amaitzean kendu. «Bilketa egiten den unean soilik egongo dira edukiontziak», azaldu du Larrañagak. Bilketa bakoitzerako bi ordu eta erdiko epea ezartzea aurreikusten du udalak, baina datozen asteetan egingo dituzten bileretan jasotako ekarpenen ondoren zehaztuko dutela aurreratu dute. Organikoa astean hirutan jasoko dute, ontzi arinak astean bitan, eta errefusa astean behin. Pixoihalak eta zelulosak, berriz, egunero jasoko dituzte. Udalak badaki jendeak egun jakin batzuetan ezinezkoa izango duela dagokion hondakina ateratzea, eta kasu horietarako, larrialdi guneak jarriko dituzte herrigunean eta Arroa Behean. Bilketa komunitarioa egingo ez duten gainontzeko auzoetan, berriz, Ekarpen Guneen bidez bilduko dituzte hondakinak. Dena den, datozen asteetan landa eremuetako bizilagunekin elkartuko dira, eta han zehaztuko dute nola egingo duten. Akordioko puntuen barruan Gaur aurkeztu dituzte sistemaren nondik norakoak Ruben Alberdi jarduneko alkateak, Josetxo Mendizabal udaleko EAJko bozeramaileak, Beatriz Zubia Ingurumen zinegotziak, Izaskun Larrañaga Ingurumen teknikariak eta Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak. Hondakinen bilketa «iraunkor, bideragarri eta osasungarri» baten alde egin eta sistema ezartzeko akordioa egin zuten abenduan udaleko Bilduk eta EAJk, eta ordutik sistema zehazteko elkarlanean aritu dira. «Gauzak beste modu batera egiten saiatu gara, akordioa oinarri eta gaiari daukan garrantzia eta ardura emanez», adierazi du Alberdik. Zestoako elkarlana «urrats garrantzitsua eta eraginkorra» izan dela azpimarratu du. Sistemak EAJk eta Bilduk abenduan adostutako puntuak errespetatzen ditu, Ingurumen teknikariak azaldu duenez. Gutxienez %70eko gaikako bilketa maila lortzea adostu zuten orduan, eta sistema honekin tasa horretara irits daitekeela berretsi dute, mankomunitateak eta udalak egin duten azterketa teknikoaren arabera. Birziklatzea kontrolatzea adostu zuten orduan, eta sistema honen bidez biltzaileek ikuskari lanak egingo dituzte. Hain zuzen, arau hausteak eta neurriak zehazteko ordenantza bat onartuko du udalak. Sistema ezarri ondoren, aldiro ikuskatzeko konpromisoa hartu zuten bi aldeek akordioan, helburuak betetzen al diren jakiteko, eta horretarako jarraipen talde bat sortuko dute udalean. Prebentzioari dagokionez, kanpainak indartuko dituzte. Sitema dendariekin eta ostalariekin adostea izan da beste puntuetako bat, beraien neurrirako bilketa egokiena ezartzeko. Mankomunitateko teknikariak merkatariekin bildu dira, eta haien datuak jaso ondoren azterketa egin du. Jakinarazi dutenez, saltoki bakoitzak bere berezitasunaren arabera egingo du bilketa. Informatzeko bilerak Udalak bilerak hasiko ditu herritarrekin, sistemaren inguruan informatu eta ekarpenak jasotzeko. Dena den, kezkak eta zalantzak argitzeko, asteartetik aurrera informazio bulegoa zabalduko dute udaletxeko lehenengo solairuan; mankomunitateko bi hezitzaile izango dira han, eta astelehen, asteazken eta ostiraletan 08:00etatik 15:00etara zabalduko dute; astearte eta ostegunetan, berriz,  09:00etatik 13:00etara eta 16:30eatik 19:30eara egongo da irekita. Sistema berria «eragileekin elkarlanean» eta «herritarren borondatea kontuan hartuz» jarriko dutela adierazi du Alberdik: «Gure ardura da, udal bezala, ditugun helburu etiko eta ekologikoak betetzea, baina baita birziklatzeko ahalik eta bitarteko egokienak jartzeko ados jartzea ere». Hala, Zestoako kasua eredugarritzat jo du jarduneko alkateak. Lortutako akordioa azpimarratu dute alderdiek, azken lau hilabeteetan elkarlanean aritu baitira. «Hainbat sistema aztertu ditugu, eta bakoitzaren aldeko eta kontrako iritziak bildu ditugu». Besteak beste, sistema berria ekonomikoki bideragarria izango dela azaldu dute. Asturiasko Villaviciosa herrira joan dira, hango eredua ikusteko. Hain zuzen, eredu hori da ezarriko dutena. Mendizabalek elkarlanaren balorazioa egin du: «Bi muturretan hasi ginen; bata atez atekoan eta bestea edukiontzi marroian. Azkenean, geure gora-beherekin, puntu honetara iritsi gara. Negoziazioetan zerbaiti uko egin behar izaten da, eta desadostasunaren barruan adostasun bat lortu dugu». Zestoako politika orokorraren barruan, honakoa beste pauso bat dela azpimarratu du. Sistemaren aurrean lasaitasun mezua helarazi die herritarrei.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide