Hegazkinen argazkiak ateratzea dute afizio. Spotters de Leso taldean bildu dira, zaletasuna konpartitzeko. Urtebetean egindako argazki adierazgarrienak bildu eta Zumaiara ekarri dituzte, Alondegian erakusteko. Carlos Lamsfus taldekideak azaldu dizkigu taldeari, zaletasunari eta erakusketari buruzko xehetasunak. Erakusketa dagoeneko zabalik dago Oxford aretoan. -Argazki erakusketa bat da Zumaiara ekarri duzuena. Zer nolako argazkiak dira? Hegazkinen argazkiak edota hegazkinetatik aterarakoak ekarri ditugu Zumaiako erakusketara. Talde bezala urtebete egin dugu eta urte honetan atera ditugun 36 argazkirik deigarrienak edo guri gehien gustatzen zaizkigunak erakutsi ditugu. -Esan daiteke hegazkinen mundua maite duzuen talde bat zaretela. Zenbat kide zarete eta nola elkartu zineten? Gure taldea 2013ko martxoan sortu zen, Josu Azkuek eta Iñigo Olaizolak Interneteko foroetatik elkar ezagutzeaz gain, topo egin zutenean Hondarribiko aireportuan. Talde bat sortu zuten Facebooken eta egun 113 taldekide gara. Abiazioaren inguruan argazki, bideo, bitxikeri eta beste hainbat gauza partekatzen ditugu. Abiazio eta argazki zaletasunak lotzen gaitu. Spotter hitza ingelesetik dator: to spot aditzatik, alegia urrutitik ikustea edo begiratzea esan nahi du eta spotter hegazkin, tren, auto edo itsasontziak begiztatzen eta gero argazki edo idazlanen bidez dokumentatzen dituzten pertsonak izendatzeko erabiltzen da. Baino sarriago, argazki aeronautikoen zaleak deitzeko. - Zer aurkitzen duzue hain erakargarria hegazkinen mundu horretan? Hegazkinetatik gehien gustatzen zaiguna da [...]